Pazkoak 2015 Bergaran

Unai Arantzabal: "Eragileek eta herritarrek antolatutako egitaraua da"

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 12:53

Txosnagunea gune alternatibo garrantzitsua izaten da Pazkoetan. Txosna batzordeko kideek lan handia izaten dute guztia antolatzen.

Txosnagunearen antolakuntza guztiz ezezaguna da gehienontzat. Horregatik, Txosna Batzordeko kide Unai Arantzabalekin izan da GOIENA. Arantzabalek sei urte daramatza txosnagunea antolatzeko batzordean: Xaxau konpartsan.

"Xaxau konpartsa deitzen dugun horrek antolatzen du txosnagunea. Duela zazpi urte sortu zen Xaxau birusa, eta bertan, herriko hainbat eragile barnebiltzen dira. Gainera norbanako moduan ere etortzen da jendea. Ateak beti zabalik daude edozein herritarrentzat", azaldu du Arantzabalek.

Bergarako jaiei egiten dien ekarpenaren inguruan, "Udalak antolatzen duen egitarautik aparte beste egitarau alternatibo bat, gune aske bat" eskaintzen duela azpimarratu du Unai Arantzabalek. "Bergarako eragile eta herritarrek antolatzen duten egitaraua da. izan ere, egitarau hori herritarrek parte hartuz eta bakoitzak nahi duen ekarpenak eginez antolatzen da".

"Aurten sei pertsona inguru gaude antolaketan. Jaiak gerturatzen ari direla gogoratzen garenean elkartzen hasten gara, bilerak egiten ditugu. Gauza batzuk oso mekanikoak dira, txosnen eskariak edo edariak, adibidez. Normalean, ardura batzuk banatuta egoten dira. Batzuk taldeei deitzeaz arduratzen gara. Gainera, batzordetik kanpo dagoen jendearekin ere kontrastatu egiten dugu, ea zer komeniko litzatekeen ekartzea edo zer ez. Bilerak asteartero egiten ditugu, 18:00etan, kultur etxean, eta lehenengo, gauza mekaniko guztiak lotzen ditugu eta ideia edo ekarpen berriak azken unerako lagatzen ditugu", esan du Xaxau konpartsako kideak.

Aurten berrikuntzak egongo direla ere azaldu du Unai Arantzabalek: "Martxanterak izeneko eragile berria sortu da Bergaran. Hori Txosna batzordean sartu da, eta, Pazkoetan, eraso sexistak izaten baldin badira, protokolo bat plazaratuko dute eta txosnagunean protokolo hori beteko da. Beste eragile batek ere, Bertso Eskolak, tartetxo bat edukiko du txosnagunean".

"Xaxau konpartsa urtean zehar ez da aktiboa, jaietarako bakarrik elkartzen da. gure nahia da Xaxau konpartsa urtean zehar eragile aktiboa izatea. Hau da, dauden eragile guztiak elkartzea eta Xaxauri konpartsa izaera benetan ematea", adierazi du Arantzabalek.

"Jendea apuntatuko den beldur gaude beti, baina jendeak nahiko ondo erantzuten du. Aurten, sarean egon da txandetan apuntatzeko taula. Orain, Pol-Pol, Arrano eta Kortazar tabernetan dago", gogoratu du bergararrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak