Optimizeren proposamenak aurrera ez egin izanarengatik nahigabetuta egon arren, Candyko langileak "aztarna" horiek proiektu sendo bihurtuko ote diren jakiteko "zain" daude. Edozein modutan, ekainera arte, hau da, hauteskundeak pasatu arte, ez da beste pausorik emango, gaiaren erabilerarik egon ez dadin. Honela esan dute langileen inguruko iturriek: "Nahi duguna da denok batera helburu bakarrarekin lan egitea".
Proiektu sendoren bat egongo balitz, langileak, oro har, dirua hor ipintzeko gertu egongo lirateke. Iturri berberen arabera, "jende gehienak, zoritxarrez, ez dauka beste ezer; langabezian daude. Beraz, badago jarrera bat proiektuak aztertzeko eta kalte-ordainaren zati bat horretara bideratzeko. Proiektuan sinisten badute, ez dute arazorik izango dirua ipintzeko". Argitzen dutenez, gainera, Optimizeren proiektua aurrera irten izango balitz, langileek ez zuten zertan kalte-ordain osoa inbertitu; "baldintzen arabera" gertatu izango ziratekeen hori.
Finikitoa
Bien bitartean, finikitoa eta kalte-ordaina kobratzen hasi dira. Kaleratze-eskutitzak (kaleratzea baino 15 egun lehenago) hiru txandatan jasotzen dabiltza eta, beraz, kaleratzeak eta finikitoak ere hiru txandatan gertatzen dabiltza: batzuk joan den eguenean jaso zuten eskutitza, beste batzuek gaur, hilak 6, jasoko dute eta hirugarren multzo batek hilaren 16an.
Candyren etorkizuna argitzen den bitartean, behintzat Candy Hoover etxearen aldeko jarrera badute. Instalazioak langileen esku uzteko gertu dago multinazionala eta, datozen asteotan gertatzen denaren arabera, beste luzapen bat eskatuko dute langileek; oraingoz, maiatzaren 15era arte luzatu du Candy Hooverrek epe hori, eta badirudi beste luzapen bat emateko gertu egongo dela Candy Hoover.