Zerk animatu zaitu berriro ere alkategai aurkeztera?
Batetik, EH Bilduko herri batzarrak hala eskatu izana bultzada handia izan da. Eta bestetik, duela lau urte aurkezteko aukerarik ez izateak itxi gabeko fase bat ixteko aukera eman diezaguke.
Esaerak dio bigarren zatiak ez direla sekula onak izaten...
Nik ere pentsatu izan dut hori, hainbat buelta eman izan dizkiot esaldi horri. Baina uste dut ez daukala zertan hala izan baldin eta lehen aldiko indar eta ilusio berberakin sartzen bagara. Gainera, lehen baino esperientzia gehiago izango dugu eta beraz, bigarren aldiak ez dauka zertan txarra izan behar. Arriskatu egingo naiz.
Hala ere, badira gure ibarrean bertan bigarren aldiz jarraian alkate izateko aukerak dutenak; Oñatiko EH Bilduren alkategai Mikel Biain, adibidez. Nire kasuan, lau urteko etenaldia izan dut eta asko ikasi dut lau urte horietan.
Zer esan zizuten lagunek? Kuadrilan baduzu zu bezain beste busti denik?
Lagunek oso animatua naizela esan didate. Kuadrilan ez, baina Elhuyar-eko lantaldean lau zerrendaburu gaude.
Eta etxean zer esan dizute?
Denetarik. Hiru seme-alabetatik bik animatu naute alkategai izateko, batez ere gertuago egingo dudalako lan. Besteak Diputazioan jarraitzeko esan dit, kargu anonimoagoa delakoan. Beraz, gehiengoak animatu egin didatela esan daiteke.
Familian izan duzu beste kiderik ardura politikoekin?
Kargu politikorik izan duen senitarteko gertukorik ez dut izan, baina egoera politikoa oso presente egon da beti. Anai-arrebek militatu izan dute, eta baita aitonak ere.
Aholku emailea zara?
Ez. Jasotzekoa naiz gehiago, oso garbi daukat-eta denok ezin dugula denetik jakin. Ez daukat inongo beldurrik laguntza eskatzeko.
Aisialdian zer egiten duzu gustukoen?
Etxekoekin eta lagunekin egotea, askotan ez dut-eta gura beste denbora izaten horretarako.
Kasu egiten diezu komunikabideei? Noiz informatzen zara, ze ordutan?
Bai, saiatzen naiz informatuta egoten. Goizeko lehen orduetan interneten ematen diot lehen begiratua gaurkotasunari. Gero egunean zehar paperean modu sakonago baten irakurtzen ditut gehien interesatzen zaizkidan albisteak. Gauean, amaitzeko, iritzi artikuluak eta erreportajeak irakurtzen ditut. Gainera, egunero Donostiarako joan-etorrian irratia entzuten dut.
Bergaratik zer aldatuko zenuke bihar bertan zure esku egongo balitz?
Aldatu baino gehiago hainbat gauza daude hobetuko nituzke. Orain bertan herriko hainbat eta hainbat eragilerekin biltzen ari gara eta ikusten ari gara lan mordoa dagoela egiteko.
Nola moldatzen zara gaztelaniaz? Eta ingelesez?
Eremu ez formalean ondo moldatzen naiz gaztelaniaz. Eremu formalean okerrago ibiltzen naiz, ikasi eta lan beti euskaraz egin izan dudalako. Ingelesez apur bat egiten dut, baina gutxi.
Sare sozialetako erabiltzaile zara?
Twitter kontua badaukat eta erabiltzaile aktiboa baino gehiago erabiltzaile pasiboa naiz. Oso momentuko informazioa eta iritzia eskaintzen dit twitterrek, eta gustatzen zait. Facebook kontua ere badaukat, baina ez dut apenas erabiltzen.
Eta Whatsapp-a? Bazara Whatsapp talderen bateko kide?
WhatsApp-a asko erabiltzen dut eta zenbait taldetako kide ere banaiz. Etxekoak, lagunak, lagun ohiak, lankideak... Alde negatibo aipagarri bat ikusten diot WhatsApp-ari, eta hain justu orain gutxi egon gara horren gainean berbetan. Mezua bidaltzen dizun horrek erantzuna berehala exigitzen du askotan eta ni neu ere izan naiteke horietakoa. Gainera, orain ikonotxoak urdin kolorez jartzen direnean sortzen den presio hori desabantaila moduan ikusten dut.
Bestalde, elkarrizketetarako baino gehiago hitzorduak lotzeko oso tresna baliagarria da. Hala ere, egia esan behar badut orain seme bat Belfasten dudanez elkarrizketak mantentzeko ere erabiltzen dut...
Berriro ere alkate bazara zein izango da hartuko duzun lehen erabakia?
Suposatzen dut lehen urratsa izango dela eremu politikotik Udala antolatzea. Horrez gain, nire ibilbide profesionalarekin, nire izaerarekin eta nire ideologiarekin bat datorrenez, parte-hartzerako mekanismoak areagotu egingo ditut.
Bergara ala Donostia nahiago?
Bergara! Oso bergararra naiz.
Eta alkate edo diputatu nagusiaren kabineteburu?
Bi karguek dituzte euren alde onak eta alde txarrak. Alkatearena oso kargu publikoa da eta kabinetean atzeko lana da protagonista. Hala ere, alkateak berak zuzenian gai asko kudeatzen ditu eta kabineteburuaren lan nagusia da gainerako guztiak lanean jartzea. Bi lanetan egon naiz gustura.
Nola ikusten da Bergara Donostiatik?
Bergarak badu Gipuzkoan Bergaratik ikusten ez dugun garrantzia. Gipuzkoarendako oso herri garrantzitsua da Bergara eta bergararrok, orokorrean, ez dugu hori atzematen. Donostiatik Bergara oso herri aktibo moduan ikusten da. Horren adibide da hainbat kargu garrantzitsutan bergararrak daudela; Mondragon Taldeko presidentea, Jakiundeko presidentea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria bergararra izan da orain gutxira arte... Hala ere, bergararron konplexuetako bat da ez gaituztela aintzat hartzen, baina ez dut uste horrela denik.