Gerra zibilak Bergaran izan zuen eragina liburu baten

Eneko Azkarate 2015ko mar. 31a, 11:19

Espainiako gerrak eta gerra osteak Bergaran izan zuen eragina kontatzen duen liburua aurkeztu dute gaur, Bergarako Irizar jauregian. Bergarako Udalak —Udal artxiboak— eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak elkarrekin egin eta argitara emandako liburua da. Hain justu ere, Udal artxiboaren webgunean dago ikusgai PDF eta e-pub formatuetan. Handik irakur edo jaits daiteke; izan ere, ez dute paperean argitaratu.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 2012an ekin zion ikerlan honi eta 1936ko Gerra Bergaran liburua egindako ikerketaren emaitza da. Elkartearen helburua oroimen historikoaren berreskurapena da eta urteak daramatzate lanean. Debagoienako hainbat herritako gerra garaia eta frankismoa ikertu dituzte, liburu ugari argitaratu eta gertatutakoa ezagutzera emateko ekintzak antolatu ohi dituzte: elkarrizketak, dokumentalak, omenaldiak, e.a.

Espainiako II Errepublika garaiko Bergara aurrekari bezala aztertu ondoren, 1936ko gerrako egoera Bergaran nola izan zen ezagutzeko asmoz, informazio iturri ezberdinak erabili dituzte, Bergarako Udaleko aktak edo Zerrajerako langileen datuak, esaterako.

Frontea Intxortan egon zenean herrian gertatutakoa, gudari eta milizianoen ingurukoak eta ihesi joandako familien ingurukoak, besteak beste, azaltzen dira liburuan eta, bukaeran, gerraren ondorioak zeintzuk izan ziren agerian uzten dira.

Liburuak 100 orrialde ditu eta argazki gehienak Bergarako Udal artxiboko argazki fondoetakoak dira. Liburuko beste argazki gutxi batzuk osagarri bezala erabili dira.

36ko gerra zibila hizpide, 2012an, Bergara 1936 izeneko argazki erakusketa antolatu zuten Udal artxiboak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Aroztegin eta herritar ugari hurbildu ziren bertara.

Udal Artxibo Zerbitzuaren laguntza

Bergarako Udaleko artxibo zerbitzuak ikerketa historikoa sustatzeko laguntzak ematen ditu urtero herriko ikerketa historikoak burutzen ari den pertsona edo elkarteren bati ikerlanean laguntzeko asmoz eta, aldi berean, udaleko artxiboan dauden eta kudeatzen diren fondoak kontsultatzeko eta erabiltzeko.

Amaitu ostean, Udalak ikerketa formatu digitalean argitaratzen du, PDF eta e-pub formatuetan, eta Bergarako Udal artxiboaren webgunean eskegi egiten da. Era horretan, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, guztientzako ikusgai dago ikerketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak