Hasieratik ilusioz jardun zuen obran; izan ere, bizitza osoan musika klasikoa bidelagun izan du, eta, horrez gain, Musika Hamabostaldiko kartelak artista ezagunek egiten dituzte. Musikarekiko lotura etxetik datorkio Lazkanori; aita Bergarako bandan eta orfeoian ibilitakoa da, eta, ordutik hona, musikarekin loturiko hainbat lan egin ditu: Ziortzako Kontzertuen kartela eta Itoiz taldearen Itoiz Suite ikus-entzunezkoaren obra grafikoa, esaterako.
Zirriborro baten eboluzioa
Koadro eta obra guztiak bezala, ideia batetik, zirriborro batetik edo koaderno bateko apunte batzuetatik jaiotzen den artelana sortu zuen Lazkanok. Donostiak agertu behar zuela "argi eta garbi" zuen bergararrak; hala ere, gaur egungo hiriari elementu arkitektonikoak kentzea erabaki zuen, "topografiari indarra" emate aldera. Beheko bozetoetan ikusten den moduan, itsasotik Donostiaren ikuspegia islatu nahi izan du Lazkanok, "betiko postaletik" urruntzeko asmoz.
Hiriak itsasoarekin duen harreman "sakon eta gogorra" irudikatzen saiatu da; eta, nolabait, gogortasun hori orekatzeko, kartelean, biolina eta hari-instrumentuak jotzeko erabiltzen den arkua gehitu du. Musika klasikoak berezko duen oreka ere transmititzen du kartelak, pasarte gogor eta intentsuak pasarte fin eta lasaiekin batzen ditu-eta.
Prozesuaren garrantzia
Emaitza bezain garrantzitsua prozesua edo bidea dela azpimarratu du margolariak; izan ere, askotan, hasierako ideia goitik behera alda daiteke eta lanean egon bitartean "lehen ez zeuden elementu eta ideiak" sortzen dira. Musika Hamabostaldiko kartelaren kasuan, hasieran, itsaso harrotuaren gainean tuba margotu zuen. Hori nabarmenegia iruditzen zitzaion, eta atrilarekin probatzea erabaki zuen. Horrek ere ez zuen bilatutako efektua lortzen, baina arkuarekin, ostera, oreka lortu zuen.
Kartelek, gainera, "bi fase" dituztela esan du Lazkanok: lehena inpaktua da, irudia ikusi eta "momentuko emozio hori"; ostean, gogortasun horren atzean, arkuaren oreka eta goxotasuna dator. Itsasoaren horizontaltasuna arkuaren bertikaltasunak apurtzen du, "jolas" bat egin nahi izan du. Emaitzarekin "pozik" dagoela esan du artista bergararrak.