Enpresa eredugarria da Lazpiur, gaur aurkeztu den liburu baten arabera

Leire Kortabarria 2015ko mar. 10a, 19:00

Lazpiurren gaineko liburuaren azala.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Lazpiur enpresaren gaineko liburua: Lazpiur. El modelo de una pyme ejemplar. Pedro Gomez Damborenea kazetariak idatzi du eta Claves de Gestión argitaletxeak plazaratu du. Deustuko Unibertsitatean aurkeztu dute lan hori liburuaren egileak, Miguel Lazpiur enpresaburuak eta Confebaskeko idazkari orokor ohi Jose Guillermo Zubiak, hitzaurrearen egileak.

Lecturas de Management izeneko eztabaida sortaren barruan egin dute aurkezpena. Asociación para el Progreso de la Dirección elkarteak, Deusto Alumnik eta Claves de Gestion argitaletxeak antolatu dituzte eztabaida horiek.

Mahai-inguruan parte hartu dute Miguel Lazpiurrek, Pedro Gomez Damboreneak eta Jose Guillermo Zubiak; baita Gonzalo Landalucek, argitaletxeko zuzendariak; Tontxu Camposek, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza zuzendariak; eta Eduardo Junquerak, APDko ordezkariak eta Egile Corporation XXI-ko presidenteak. Aurkezpenean, gonbidatu gisa, izan dira Industria sailburu Jose Ignacio Garcia de Motiloa eta Euskadiko enpresetako hainbat ordezkari.

Bergarako Lazpiur enpresaren arrakastaren gakoak laburtzen ditu liburuak. Zapatak egiten hasi zen enpresa, orain 101 urte, eta gaur egun berrikuntzan eta esportazioan oinarritzen den enpresa da. Bi espezialitate ditu: forjarako erremintak eta makineria.

Pertsonekin lan egiten duen enpresa

Gomez Damborenearen esanetan, Miguel Lazpiur "Errenazimenduko gizona" da eta izaera "magnetikoa" du.
Miguel Lazpiurren esanetan, pertsonekiko tratua da enpresaren izaera-zeinuetako bat: "Pertsonekin lan egiten dugu. Egunero ikusten dugu elkar eta elkarrekin saiatzen gara proiektua aurrera ateratzen, egiten ari garenaren bisio bakar batetik.

Esperientziak hori erakutsi dit eta hori ikasi dut. Gogoz lan egiteko gai den jende asko dago, eta proiektuan inplikatu behar ditugu. Eurena dela, euren bizitzaren zati dela sentitu behar dute; denondako proiektua egiteko gai izan behar gara".

Lazpiurrek azaldu du enpresak "bi planotan" egiten duela lan; batetik, "egunerokotasunari arreta", eta bestetik, era berean, "bihar egin behar dugun guztia merkatuan jarraitzeko eta arrakasta izateko. Begi bistan izan behar dugu beti etor daitekeena. Hori ahalegin bat da, baina egin ezean, proiektua bertan behera gera daiteke".

Kalitatearen aldeko apustua eta beste erakunde batzuekiko elkarlana ere azpimarratu ziren, hala nola klusterrak, zentro teknologikoak edo lanbide heziketa eskolak.

Berrikuntza eta nazioarterakotzea ere aipatu dira Lazpiurren arrakastaren gako gisa.

Hitzaldian esan denez, Lazpiur eta, oro har, Gipuzkoako eta Euskadiko industria "praktika onen" eredu dira, oneratze ekonomikoa bilatzen den sasoi baten kontuan hartzekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak