Lazpiur enpresaren arrakastaren gaineko liburua aurkeztuko dute

Leire Kortabarria 2015ko mar. 4a, 16:37

Lazpiurren gaineko liburuaren azala.

Lazpiur. El modelo de una pyme ejemplar delako liburua aurkeztuko dute hilaren 10ean Bilbon. Claves de Gestion argitaletxeak aterako du. Liburuan, egileen esanetan, "Lazpiurren arrakastaren zergatiak azaltzen" ahalegintzen dira. Deustuko Unibertsitatean izango da aurkezpena, 18:45ean, Lecturas de Management zikloaren barruan. Bertan izango da Miguel Lazpiur.

Miguel Lazpiur enpresaburuarekin batera izango da liburuaren egilea, Pedro Gomez Damborenea, eta baita Confebask patronaleko idazkari orokor ohi Jose Guillermo Zubia ere, hitzaurrea idatzi duena.

Lazpiur enpresa familia-negozioa da, eta zapatak egitetik, XX. mende hasieran, berrikuntzan oinarritutako makineri eta forja-erreminteri enpresa izatera pasa da. Ekoizpenaren %80 esportatu egiten du. Bezeroen artean automobilgintzako multinazionalak daude: Ford, Mercedes, Volkswagen… eta TIER-1ekoak: Lear, GKN, NTN…

Bergaran oinarritutako enpresak ehun urte bete zituen iaz eta Gipuzkoako enpresa ertainaren adibide garbia da.
Miguel eta Agustin Lazpiur anaiek zuzentzen dute enpresa. Miguelek ardura postuak izan ditu Confebask patronalean, eta bertako presidente izan zen 2005 eta 2011 artean. Espainiako patronaleko, CEOEko, eta Gipuzkoako, Adegiko presidenteorde ere izan da.

Lazpiur enpresak hainbat errekonozimendu irabazi ditu: besteak beste, Eusko Jaurlaritzak 2012an eman zion Korta saria, bere ibilbidearengatik. Kalitate-ziurtagiri gorenak ere baditu, hala nola Urrezko Q-a, 2006an jasoa.

Enpresa txiki eta ertainen gaineko eztabaida

Deustuko Unibertsitatean eztabaida saio baten barruan aurkeztuko dute liburua. Saio horren izenburua  Retos y realidades de la pyme: cómo lograr el éxito en un entorno competitivo da. APDko Iparraldeko aholkulari Eduardo Junquerak eta Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza zuzendari Tontxu Camposek aurkeztuko dute eztabaida.
Liburua salgai dago hainbat saltoki ezagunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak