Etxeko txikiekin egiteko errezetak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko ots. 27a, 09:48

Maddi Artzamendi etxeko sukaldean.

Errezeta samurrak, errezeta goxoak eta errezeta jostagarriak. Horrelakoak dira Maddi Artzamendi bergararrak Goienaren egubakoitzetako Puntua aldizkarian aurkezten dituenak.

Errezeta samurrak izaten dira, etxeko txikienekin egiteko modukoak direlako. Hain zuzen ere, Artzamendik berak ere Telmo eta Miren seme-alabekin egiten ditu errezetok. 

Sukaldaritza, afizio 

Sukaldaritza Artzamendiren zaletasuna da. Etxean jasotako zaletasuna: "Aitaitak eta amamak taberna bat zeukaten eta beti ikusi izan dut amama sukaldean. Hortik datorkit zaletasuna, etxean ikusi dut eta etxean bizitakoa jaso dut".

Artzamendik Giza Baliabideetako ikasketak eta Irakasle ikasketak ditu; gainera, Berasategi eta Mugaritz jatetxeek osatzen zuten taldean jardun izan du lanean, giza baliabideetako sailean. Sukaldaritza gertutik ezagutzeko aukera izan zuen han; hark egiten duena, ordea, "beste maila" bateko sukaldaritza da. Egunerokoa, etxeko txikienekin egiteko modukoa; eta, horretan, seme-alabak gertu izaten ditu. 

Eskuekin jolasean 

Telmok eta Mirenek 6 eta 3 urte dituzte, hurrenez hurren. "Txikitatik parte hartu eta lagundu izan dute sukaldean", dio Artzamendik. Horrelako gaztetxoekin errezetak egiterakoan zer hartu behar den kontuan azaldu du bergararrak: "Osagai errazak erabiltzen ditut, samur aurkitzen direnak; bestalde, tresneria erabili beharrean, eskuekin egiteko moduko errezetak izaten dira; eta ahalegintzen naiz osagai osasungarriak erabiltzen". Horren harira, gurina ahalik eta gutxien erabiltzen duela dio, eta berdurak eta frutak sartzen ahalegintzen dela. "Gozogintzako errezeta asko egiten ditudanez, ahalegintzen naiz azukrearen ordez datilak erabiltzen, adibidez", gaineratu du. "Orokorrean, txokolatezko errezetak dira gehien gustatzen zaizkienak umeei", dio Artzamendik, eta "eurek egindakoa besteek probatzea atsegin dute".

Artzamendik Interneten bilatzen ditu errezetak –asko, ingelesezko atarietan; baina liburuak ere erosten ditu: "Suediako sukaldaritzari buruzko liburu bat da azkena", dio. Askotariko elikadura ereduak jarraitzen ditu eta denetatik probatzen duela dio.

(Telmo sukaldean laguntzen) 

(Miren txikia, eskuekin lanean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak