Erakusketa, gaur, egubakoitza, inauguratuko dute, eta martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Erakusketan bederatzi margolari eta bi eskultoreren lanak jarriko dituzte ikusgai: artista bakoitzak bina obra eramango ditu.
Nazioarteko artistak
Herrikoak, Bergarakoak dira artista gehienak – Aitor Etxeberria mendaroarra eta Aitor Sarasketa ondarrutarra izan ezik–. Gainerakoak dira: Luis Laskurain, Javi Ugalde, Altuna Akizu, Ricardo Azkargorta, Xabier de Zerio, Bingen de Pedro, Ramon Arantzabal, Pello Alberdi, Antton Arrillaga.
Askotariko gai eta teknikak ikusteko aukera egongo da erakusketan; izan ere, autore bakoitzak librean egin du lan. Luis Laskurain margolari ezagunak azaldu du nazioarte mailan erakusketak jarri dituzten artistak direla gehienak, eta horrek nolabaiteko maila ematen diola erakusketari.
Arteaz berba egiteko aitzakia
"Nahi duguna da jendea harritzea, eta pinturaz berba egiteko aitzakia izatea", dio Laskurainek. Pinturaz gain, askotariko gaien eta tekniken gainean berba egiteko aitzakia ere sortu nahi dute. "Erakusketa uniforme bat ikusten duzunean, aurrean dituzun koadroak gustuko izan ditzakezu edo ez. Baina, beste erakusketa honetan, alderatzeak egiteko aitzakia daukazu; hau da, gaiak eta teknikak aldera ditzakezu. Esan daiteke, horrelako erakusketa batek gehiago eman dezakeela; gainera, kontuan hartuta maila jakin bateko artisten erakusketa dela", gaineratu du Laskurainek.
Esan bezala, bederatzi margolari izango dira eta bi eskultore: Javi Ugalde eta Xabier de Zerio. "Bingen de Pedrok, adibidez, bolumena erabiltzen du margolanetan: margolan bolumetrikoa deitzen zaio horri. Eztabaidatzeko aitzakia ematen du horrek: pintura edo eskultura den", azaldu du Laskurainek. Hori da artisten asmoa, jendeak arteaz berba egitea.
Egungo egoera zaila
Hirugarren aldia da erakusketa ikusgai jarriko dutena: lehenengoz Bergarako Nahikarin jarri zuten, talde moduan sortu zirenean; eta, bigarrenez, Logroñoko Arkitektoen Eskolan jarri zuten erakusketa. "Gaur egungo egoera oso zaila da. Galeria asko ixten dabiltza, eta gainera leku batzuetan ordaindu egin behar da lanak erakuste. Gainera, nazioartean mugitzea oso garestia da. Horregatik, elkarlanean, eta ordaindu behar ez dugun aretoetan ibiltzen gara", dio pintore bergararrak.
Bergarako margolarien mugimenduaren gainean galdetuta, Laskurainek dio herritarrek badakitela mugimendu sendoa dagoela, baina herritarrak ez direla kontziente herrian dagoen benetako mailaz. Gaur egun, beste aktibitate batzuei garrantzia ematen zaiela dio, baina ez kultura mugimenduei. "Mundu guztian erakutsi duten zortzi bat pintore daude Bergaran. Ea beste ze herritan aurki daitekeen kopuru hori... ezta Donostian ere", dio Laskurainek. Gazteez galdetuta, dio atzetik gogor datozen gazteak badaudela Bergaran.