Arrandegietan igarri da gehien ontzien kanpaina

Bezero bat arrandegian tuperra erabiltzen.

Kutxa Ekoguneak bultzatu eta Udalak bat egin duen Ontziratu zaitez kanpaina eraginkorra izaten ari da. Joan den urtean urrian martxan jarri zuten kanpaina herrian, eta lau hilabetean 9.099 aldiz erabili dituzte tuperrak kanpainan parte hartzen ari diren herritarrek.

3.000 ontzi banatu zituzten, produktu freskoen saltokietan erabiltzeko; batez ere, arrandegietan eta harategietan. Ordutik hona, paper eta plastikozko bilgarri gutxiago erabili dituzte.

Tuperrak arrandegietan 5.914 aldiz erabili dira, eta harategietan eta produktu freskoen beste saltoki batzuetan 3.184. Hau da, ontzien %65 arrandegietan erabili dituzte eta gainontzeko %35ak harategietan eta beste saltoki batzuetan. Azken horietan ontzien erabilerak gora egin du, abenduan izan ezik, eta joera positiboa igartzen da. Arrandegietan, ordea, erabilerak behera egin du abenduan eta urtarrilean.

Dendariak ere alde

Ekimenean parte hartzen duten dendariek ere igarri dute tuperren erabilera. Batetik, sistema eroslearendako oso erosoa dela adierazi dute: "Behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzen dute". Bestetik, dendetan ontziak maileguan uzteko aukera eskaintzen badute ere,  "oso gutxitan" utzi dituztela azaldu dute saltzaileek. "Ohitura aldaketa bat bada ere, erosketa erosoagoa da", argitu dute Udaletik.

Dendariek diote kostuak murriztu egin direla, plastikozko poltsa eta paper gutxiago erabiltzen dira-eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.