Zortzi puntu ditu oraingo asteko eguaztenean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Candy Hoover enpresako zuzendaritzak eta ESK, LAB, ELA, CCOO, eta UGT sindikatuek adostutako asmo-akordioak.
Kostuak Diputazioaren gain
Laburbilduz, eta diputazioari dagokionez, zera adostu dute: konpromisoa hartzen duela Candyren Bergarako instalazioetan balizko proiektu industrial berri bat abiarazteko gertu dagoen inbertitzaile berri bat aurkitzeak dakarren kostua bere gain hartzeko. Eta diputazioak berak aztertuko dituela proiektu guztiak eta gainontzekoei azaldu.
Lehiakideek bidea itxita
Candy Hooverri dagokionez, berriz, konpromisoa hartzen du balizko inbertitzaile horiek Bergarako instalazioak bisitatu nahiko balituzkete eta informazioa eskuratu nahiko balute, hori guztia errazteko. Hain justu, eta instalazioei dagokienez, Bergarako fabrika eta SAT eta GIAS biltegiaren zati bat proiektu industrial berriaren esku utziko ditu Candyk, alokairuan: 150.000 euro urtean (12.500 hilean).
Hori bai, adostutako akordioan azpimarratu dute "inolaz ere" ez zaiela biderik erraztuko Candy Taldearekin "zuzenean edo zeharka" lehian egon daitezkeen "pertsonei edo entitateei".
Eta ildo beretik, proiektu industrialari betoa ezartzeko (proiektu industriala ez onartzeko) eskubidea izango dute, baita ere, proiektu berrian parte hartuko luketen langileek eta sindikatuek, kasu horretan, eskatzen zaizkien lan baldintzekin ados ez baleudeke.
Bihar sinatuko dute
Horixe da Candy Hooverren auziko parte diren aldeek adostu duten asmo-akordioa. Orain, sinadurarekin hori berrestea falta da: bihar, egubakoitza, egingo dute, 11:30ean, Donostian.
Asmo-akordio horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak azpimarratu du, besteak beste, ahalegin berezia egin nahi izan dutela Candyren itxierak ekarriko zukeen enplegu galera txikitu edo ezerezteko berrindustrializazio prozesua lantzeko.
76 langilek jardungo lukete
Bestalde, akordioak dioenez, Candy Hooverren instalazioetarako proiektu industrial berri bat lortuko balute, Bergarako fabrikan lanean zebiltzan 152 langileetatik 76 leudeke bertan parte hartzeko gertu. Eta Candyk langile horiei gainontzekoei baino kalte-ordain handiagoa emango die, (4 milioi euro ingurukoa, guztira) berrindustrializazioan inberti dezaten.