Baina denborak aurrera egin ahala, bere pasioak beste pauso bat merezi zuen premia izan zuen; horregatik, bere marrazketak betiko egitea egokitu zaio; hau da, tatuatzea. Gainera, Interneten ere erakusten ditu egiten dituen tatuajeak (Alkandora.tumblr.com). Horrenbestez, bergarar gazte horrek tatuatze kontuetan izan dituen esperientziak kontatuko ditu.
Nola erabaki zenuen tatuajeak egiten hastea?
Betidanik marraztu izan dut, eta suertatu zitzaidan marrazten nituen gauza horiek tatuajeekin oso lotuta zeudela. Ni ez nintzen joan hori bilatzera, baina horrela izan zen. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka mundu horretan sartzen hasi nintzen; Interneten bidez, sare sozialak erabiliz... Gainera, nire izeba tatuajegilea da, eta materiala utzi zidan; bada, horrela erabaki nuen tatuajeak egiten hastea.
Zerk erakartzen zaitu gehien mundu horretatik?
Etorkizuna duen zerbait dela uste dut. Eta, horretaz gain, ohorea da pertsona bati tatuajea egitea; hau da, pertsona horrek norberarengan konfiantzen du, bizitza osoan zehar eramango duen tatuaje bat egiteko. Benetan, ohore bezala ikusten dut.
Nola prestatzen duzu tatuaje bat?
Orain arte, nire lagunak edo gertuko jendea tatuatu ditudanez, eurekin, pertsonalki, hitz egiteko aukera izaten dut. Horrela, haiekin elkartzen naiz, zer egin nahi duten esaten didate eta horri pare bat buelta ematen diogu. Horrenbestez, tatuaje bat egin aurretik, horren zergatia, historia... jakitea gustatzen zait, eta nik ere ideiak ematen ditut.
Zer ikasi behar da tatuatzeko?
Tatuatzeko, marrazten jakin behar da, eta nik betidanik marrazten dut; beraz, horrela ikasi nuen. Tatuatzea marrazketa estilo desberdin bat dela esango nuke; hori bai, ardura handiagoa izan behar da; adibidez, higienea.
Zein da zure irizpidea tatuajeak egiteko orduan? Eskatzen dizkizuten tatuaje guztiak egiten dituzu?
Askotan pasatu izan zait jendeak esatea zerbait tatuatu nahi duela, baina ez dakiela zer. Hau da, tatuaje bat nahi dute, baina ez dakite zergatik. Momentu horretan, nik neuk ez egiteko gomendatzen dut, behintzat, zer nahi duten argi eduki arte; seguru egon arte, alegia. Izan ere, tatuaje bat betiko da, ondo pentsatu behar den zerbait da.
Zure ustez, zergatik dago irizpide falta hori?
Jende gutxi ikusten dut kultura artistiko onarekin. Gaur egungo hezkuntzan falta den zerbait da; irizpide falta hori, artea eskoletan ez delako ematen; ez, behintzat, eman behar den moduan.
Zuk baduzu tatuajerik?
Bai. Tatuajeak asko gustatzen zaizkit. Oraingoz, hainbat tatuaje ditut. Baina, egunen baten, asko miresten ditudan tatuatzaile batzuekin egoteko aukera suertatzen bazait, gustatuko litzaidake niretzat idolo bihurtu direnek tatuaje on bat egin ahal izateko aukera izatea. Horregatik, ez dut nahi nire gorputza tatuajez bete, haiekin egon aurretik. Hau arte bezala ikusten dut; honi buruz ez dakienak bere etxea koadroz josiko du, baina ez du ikusiko zer duen bertan. Nik, ordea, nahiago dut, posible bada, noski, benetan gustatzen zaidan margolari baten koadroa edukitzea.
Gainera, bateragarriak diren ikasketak egiten dituzu, ezta?
Bai. Arte Ederrak ikasten dihardut, diseinu arlora begira. Guztiz bateratuta daudela uste dut. Baina, hala eta guztiz ere, azkenean, arteak eta ikasketek edo lanak ez daukate zerikusi handirik. Izan ere, egongo dira iturginak direnak, baina tatuaje apartak egiten dituztenak. Nik zorte handia daukat, gurasoek Arte Ederrak ikasteko aukera eman didate-eta, benetan gustatzen zaidana.
----------
Pertsonala
Film gustukoena: Biren artean nago; Gangs of New York (Martin Scorsese, 2002) eta Rango (Gore Verbinski, 2011).
Bizi izateko toki bat: Bilbo.
Liburu gustukoena: Komiki bat, esango nuke, Akira (Katsuhiro Otomo).
Zaletasun bat: Skatean ibiltzea.
Leku gustukoena: Bilbon dagoen Somera kalea.
Amets bat: Bizi ahal izatea gustatzen zaidan zerbaitetik, loturarik gabe.
Janari gustukoena: Untxia saltsan.