Zinea eta txotxongiloak eskutik helduta Zabalotegin

Maialen Torres 2015ko urt. 16a, 10:44

Zinema oso gustuko duten hiru txitaren istorioa kontatzen du Txio txioka-k. Bietarako dirurik ez, eta, "jatea baino, zinera joatea nahiago izaten zuten txitek", dio  Itsaso Azkaratek, Taun Taun antzerki taldeko kideak. Izan ere, zinema miretsi egiten dute hiru protagonistek, baina, batez ere, Bakarty James pertsonaia dute gustuko. Zinearekiko maitasun horrek mugituko du domekan Zabalotegin ikusgai izango den istorioa. 18:00etan izango da, eta sarrerak 4 euro balio du.

Urte asko daramatza Taun Taun taldeak antzezlana oholtzetara eramaten, eta, Azkarateren arabera, "klasiko" bihurtu da dagoeneko. Oholtzara igotzean, ikusleek ondo pasa dezaten, lan "sinple, polit eta kalitatezkoa" erakustea da euren helburua. 

Bernardo Atxagaren Txitoen istorioa moldatuz sortu zuten ikuskizuna. Esaterako, jatorrizkoan ageri ziren hamalau txitetatik, hiru baino ez daude, baina "pertsonaiak sakontasunez lantzeko" egindako hautua da hori. "Gauza txiki askorekin osatu dugu istorioa", dio Azkaratek.

Teknika nahasketa

Ikuskizunean, txotxongiloen eta aktoreen eskutik kontatzen da istorioa, baina argiak eta itzalek funtsezko rola dute Txio txioka-n.

Izan ere, mahai gainean txotxongiloak dabiltzan bitartean, argiarekin asko jolasten dutela onartu du Azkaratek, eta kontakizunaren unerik esanguratsuenetan, batez ere, asko zaintzen dutela arlo hori. Esaterako, txitek zinemara joan ezin dutenetan, itzal jokoen bidez, euren jolas bihurtzen dute zinema.

Horrez gain, ikus-entzunezkoek ere badute garrantzia. Batetik, "musika aldetik berezia" dela esan du Azkaratek, eta film labur bat ere proiektatzen dute emanaldian zehar, istorioaren barne elementu gisa.

Familia osoarentzat

Taun-Taun antzerki taldea helduentzako txotxongilo ikuskizunak sortzeko helburuarekin jaio zen, baina honako hau "familia guztiak gustura ikusteko modukoa" dela esan du Azkaratek.

Gainera, txiten gorabeherak aitzakia hartuta, zinemaren hastapenetara ekartzen du antzezlanak ikuslea. Historian egindako lehen western filma erabiltzen dute horretarako, The Great Train Robbery izenekoa, eta gizon bat kamerari aurrez aurre tiro egiten erakusteagatik ezagun dena. Antzezlana egiten 1999an hasi zirenetik oholtza askotatik pasa diren arren, ikusle gutxik daki film labur hori Super 8 formatuan proiektatzen dutela antzokian.

Horrela, istorioan harrapatuta, haurrek historia ezagutzeko aukera ere badute, ondo pasatzeaz bat. Azkaratek azaldu duenez, gainera, antzezlanak irauten duen 50 minutuetan "gurasoak ere oso gustura egoten dira", eta eurentzat ere ondo pasatzeko aukera polita da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak