Emon: "Grabazioa askoz ere gogorragoa izan da, baina, emaitza ikusita, merezi izan du"

Jagoba Domingo 2015ko urt. 7a, 00:00
Emon taldea.

Sua diskoarekin besapean eta familia berrituta dator bueltan Emon. Konfeti kolore lanarekin Euskal Herrian zehar hainbat kontzertu eman eta bertako zirkuituan lekua egin ostean, oraingo honetarako Katalunia dute jomugan. Bost astez AME estudioan sartu dira disko zainduago eta landuagoari bizia emateko

Durangoko Azokan aurkeztu zenuten diskoa; zelako harrera izan zuen?

Azoka bezperan kaleratu genuen; hortaz, ez dakit termometro ona den guretzako; baina gu han izan ginen bitartean nahikotxo disko saldu genituen eta zuzenekora joandako ikusle kopuruak harritu egin gintuen. Karpa bete egin zen, eta, egia esan, ez genuen halakorik espero.

AME estudioan grabatu duzue, Axularrekin; oraingoan, baina, produktore lanak ere egin ditu.

Bai, aurreko diskoa harekin grabatu genuen eta ordutik hona zuzenekoetan teknikari izan dugu eta elkarren artean konfiantza osoa dago; hark badaki zer gura dugun eta guk badakigu zelan funtzionatzen duen. Grabatzeaz gain, produktore izan da; nolabait, taldearen parte bihurtu da.

Grabazioa denboraz hartu zenuten.

Musikariok beti nahi dugu aurretik egindakoa gainditu, eta muga gorago jartzen dugu. Produkzioan ordu nahikotxo sartu ditugu oraingoan; gitarrei arreta berezia eskaini diegu, esaterako. Horrez gain, letrak askoz gehiago zaindu ditugu; Konfeti kolore kaleratu ostean, hitzei garrantzi nahikoa ez geniela eman ikusi genuen, eta hori aldatzeko lan egin dugu. Besteak beste, Amets Artzallus, Josu Ganuza eta Gurutze Ostolatza izan ditugu laguntzaile. Kantu alaiak izaten jarraitzen dute, baina badute jenio txarra; bizi dugun egoeraren isla ere badira. Disko askoz ere landuagoa da, askoz ere gogorragoa izan da, baina, emaitza ikusita, merezi duela argi daukagu.

Estudiora jo aurretik, aurre-maketa grabatu genuen lokalean, kantuen sonoritatea entzuteko. Baina estudioan, aldaketa nabarmenak izan ditu kantu batek baino gehiagok; hor sartu da produktorearen figura. Azken finean, kanpoko belarri batzuek bestela sentitzen dituzte kantuak eta laguntza handia izan da.  

Musika estilo gehiago ere badaude.

Bai; oraingoan, rapak ere badu bere lekua; esaterako, Selektah Kolektiboko Manugaitz Aka Wanka izan genuen estudioan. Kolaborazio asko izan ditugu.

Kolaborazioez gain, Emon handituz doa, ezta?

Bai; Andoni Matxain gitarrista zarauztarra eta Maikel Antonio Talavera Oñatin bizi den kubatarra batu dira taldera, beste kolore bat eman diete kantuei. Horrez gain, zuzenekoetarako argi teknikaria eramango dugu.

Noiz izango da aurkezpena?

Urtarrilaren 9an Bonberenean aurkeztuko dugu, eta Debagoienenean 30ean Elgetan, Bergaran oraindik ez baitugu areto txukunik. Aurtengo asmoa, baina, Euskal Herrian baino gehiago Katalunia aldean jotzea da; urtarrilean bi aste inguru emango ditugu bertan Sua aurkezten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak