Jose Antonio Agirrebeña: "Iaz lortutakoa bikoiztu egin dugu elikagaien bankuko kanpainan"

Eneko Azkarate Laspiur 2014ko abe. 24a, 00:00
Jose Antonio Agirrebeña Bergarako elikagaien bankuan.

Bergarako San Juan auzoan dagoen elikagaien bankuko arduraduna da Jose Antonio Agirrebeña. 2011n ireki zuten eta urtetik urtera hazten doa bertatik pasatzen den elikagaien kopurua. Inguruko supermerkatuetatik jasotzen dituzte jakiak, eta, sailkatu ostean, premia dutenei banatzen dizkie, udalen edo giza erakundeen bitartez. Azkeneko kanpainan 180.000 elikagai kilo jaso dituzte duela hiru aste.

Lanez gainezka zaudete orain Bergarako elikagaien bankuan, ezta?

Bai, hala da. Hil hasieran egin genuen kanpaina berezian uste genuena baino askoz ere gehiago etorri da. Aurreikuspenak gainditu ditugu. 140.000 kilo elikagai batu genuen. Gainera, beste 40.000 kilo espero ditugu. Orotara, hortaz, 180.000 kilo jaso ditugu Bergaran, eta Gipuzkoa osoan 500.000 kilo inguru. Iazkoaren bikoitza ia-ia. 

Elikagai hori guztia sailkatzeko nahiko lan. Jende beharrean zaudete?

Bai; bereziki, oraingo astea Gabon jaien aurrekoa izanik, dena aurreratu nahi izan du jendeak eta elikagaiak jasotzera etortzen diren elkarteei, udalei-eta erantzuteko jende beharra izan dugu.

Zenbat jende zabiltzate lanean?

50 bat boluntario, orotara. Egunero, batez beste, hamar bat lagun egoten gara hemen. Erretiratuak gara gehienak, baina jende gaztea ere badator: ama-semeak… Eskualde osoko jendea dabil atzera eta aurrera.

Zer egin behar da boluntario izateko?

Gurekin harremanetan jarri. Bergarako San Juan auzoan gaude eta hauxe da gure telefonoa: 943-76 21 90. Laguntzeko prest dagoena ondo etorria izango da. 

Jendea, familiak… banaka etortzen zaizkizue elikagaien bankura?

Hasieran bai; orain ez. Baina guk ezin diogu jendeari zuzenean eman. Horretarako daude udalak, elkarteak, Caritas eta halakoak. Izan ere, kontrol bat behar du honek. Esaterako, udal batek daki elikagai eske datorrena herrian erroldatuta dagoen edo ez, laguntzarik jasotzen duen edo ez, zer laguntza mota jasotzen duen…

Zergatik izan da horren arrakastatsua azken kanpaina?

Urtean kanpaina berezi bi egiten ditugu: bata, oraingoa, Gabonen aurrekoa, eta bestea udan, ekain inguruan. Azken bi urtetik hona, ordea, erabaki da banku guztiek aldi berean egitea kanpaina: bai hemengoek eta baita Espainiakoek ere. Denak batera eginda arrakastatsuagoa da. Izan ere, hedabideetan oihartzun handiagoa ematen zaio, eta, horrenbestez, mezua errazago eta indartsuago heltzen da herritarrengana. 

Beti izan ohi da horrela Gabon sasoian?

Azkenaldian, gehiago jasotzen gabiltza. Begira, 2011n ireki genuen Bergarako elikagaien bankua eta urte hartako apirilean egin genuen lehen banaketa. Oiartzunen dago beste bankua Gipuzkoan, baina beste bat irekitzeko premia ikusi zen, eta hala ireki zen Bergaran, kokapenarengatik toki egokiena zelakoan. 2011ko lehen banaketan, zortzi erakunderen bitartez, 282 laguni banatu zitzaizkien elikagaiak. Gaur egun 35 bat erakunderi ematen diegu zerbitzu eta 4.000 bat laguni banatzen zaizkie elikagaiak Bergarako bankutik. 

Ze eratako elikagaiak dira?

Bi modutakoak: batetik, azkar iraungitzen ez direnak: pasta, arroza, lekaleak, olioa… Hilean behin egiten da banaketa elikagaien bankuaren bidez. Gero, badago beste elikagai mota bat, iraungitze data azkarrekoa, freskoa: barazkiak, frutak, jogurtak… Horri azken minutukoa deitzen diogu eta inguruko supermerkatuetatik jasotzen dugu, astero erronda eginda.

Euskal Herrian zenbat elikagaien banku daude?

Gipuzkoan bi daude, esandako moduan: Oiartzunen eta Bergaran; Bizkaian, Basaurin; Araban, Gasteizen; eta Nafarroan, Iruñean. 

Krisiak zelan eragin du?

Alde batetik, igarri dugu elikagai hartzaileen kopuruak gora egin duela. Eta ikusten da inguruko lurraldeetatik-eta hona hurbiltzen ari dela jendea, Gipuzkoan laguntza gehiago ematen zaielako benetako premia dutenei. Eta, bestetik, ikusi dugu herritarra oso sentibera dela gaiarekiko, eta elkartasunez jokatzen du. Horren erakusle da azken kanpainak izan duen erantzuna. 

Erakundeen aldetik laguntzarik jasotzen duzue?

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa eginda daukagu, urtero sinatzen duguna. 120.000 euro jasotzen ditugu urtero eta horrekin egiten diogu aurre hainbat gasturi: pabiloiaren errentari, argindarrari, gasolioari, furgonetari, eta abarri. Beste erakunde batzuekin ere egiten ditugu akordioak eta lortzen ditugu furgonetak-eta. Edota enpresa eta norbanakoen partetik jaso izan dugu dirua…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak