Orain arte egindako proiektuen azalpenarekin ekin zioten bilerari. Batetik, iragarri zuten Antzulatik Bergarako sarrerara eta Elorregitik Labegaraietara doazen bidegorri zatiak maiatzerako amaituko dituztela. Hori bai, bigarren tarte horren azken 500 metroek denbora gehiago hartuko dute, tartean lurren desjabetzea egin behar delako. Bestetik, gogora ekarri zuten azoka pareko bidegorri zatia ere amaitzear dela, eta era beran, hamar bizikleta aparkaleku berri jarri dituztela herritarren esku.
Etorkizunari ere begiratu zioten, bi proiektu berri aurkeztuz. Lehenak herriaren sarreratik autobus geltokirako bidea egingo du, eta besteak, berriz, herria zeharkatuko du, Gihartsu gimnasiotik, San Lorentzoraino. Proiektuen dimentsioa ikusita, lehentasunak finkatzea ezinbestekotzat jo du Ugarteburuk, baliabideak "mugatuak" direlako.
Mugikortasun mahaia
Orain arte kirol eta hirigintza arloetako ordezkariek, udaltzaingoarekin elkarlanean landu dute gai hori, baina aurrerantzean lanean jarraitzeko, mugikortasun mahaia sortzea erabaki dute. Gainera, bilera horietan ordezkaritza zabalagoa biltzeko asmoa dute, eta besteak beste, ingurumen, turismo, hezkuntza, obra eta zerbitzuetako ordezkariak batuko zaizkio lan taldeari.
Parte hartze irekia
Mugikortasun mahaia martxan jartzen denean, arlo horretako proiektu guztiak bilduko dituen plana aurkezteko asmoa dute. Plan hori, ordea, "irekia" izango da, Ugarteburuk azaldu duenez. Izan ere, ez dute Udalaren ikuspuntuarekin bakarrik aurrera egin nahi, eta horregatik, oraindik nola egingo duten zehaztu ez badute ere, herritarren ideiak bilduko dituzte. Kontseiluan bertan ere jaso zituzten ekarpenak, eta besteak beste, seinalizazioari, araudiari, eta bidegorrien diseinuari buruz aritu ziren.