Bizitzaz beteriko odol tantak

Imanol Gallego 2014ko abe. 15a, 16:02
Odola emateak ez du minik ematen eta hamar minutu eskas besterik ez da behar.

Hiru minutuan behin pertsona batek odola behar izaten du Erkidegoan. Odol behar horiei erantzuteko lanean dihardu Odol Emaileen Elkarteak, eta hurbilean, zehatzago, Bergarako Odol Emaileen Elkarteko ordezkaritzak.

Odol ematea borondatezko ekintza, doakoa, anonimoa, elkartasunezkoa eta arduratsua da. Emaileek ordainez ez dute dirurik jasotzen. "Ekintza on bat gauzatzeak ematen duen poztasunagatik egiten dute", dio Bergarako ordezkaritzako lehendakari Antonio Herzogek. Dohaintza horri esker, beste komunikazio eta elkartasun era bat ezartzen da gizakien artean.

Oso erraza

Odola emateko bete behar diren baldintza mediko eta legezkoen ostean, odola ematea oso gauza erraza da, ez du minik ematen, eta hamar minutu eskas behar dira hori egiteko "gizonek urtean lau aldiz eman dezakete odola, emakumeek aldiz hirutan", diote Bergarako delegaziotik. Emakumeen burdin erreserba baxuagoak dira muga honen arrazoia. Saioen artean, gainera, denbora tarte bat errespetatu behar da.

Elkartasun keinu bat

Gipuzkoan dauden odol beharrak betetzen direla esan du Herzogek, "kontuan hartu behar da, ordea, odolaren erabilera eta beharrak gero eta gehiago direla". Horregatik ez da kopuru zehatz bat markatzen. Bergaran, emaile kopurua handitzeko lanez gain, "leialtasuna" lortu, eta emaileak fidelizatzeko ahalegin berezia egiten dute.

Animatzen zaretenok kontuan izan eguaztenean urteko azken odol emateak egingo dituztela osasun zentroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak