Manu Muniategiandikoetxea: "Kontua ez da non erakutsi, kontua da zure lana nora heltzea nahi duzun"

Ander Larrañaga 2014ko abe. 17a, 00:00
Manu Muniategiandikoetxea.

Arte Ederrak ikasi eta pinturaren eta eskulturaren arloan espezializatu zen Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, 1966). Estatu mailan makina bat lekutan bere lanak erakutsi ondoren, euskal artearen ikono klabea bilakatu dela esan daiteke.

Zelakoa da Manu Muniategiandikoetxea?

Pertsona lasaia da, bidaiatzea asko gustatzen zaiona. Bestetik, normaltzat dut nire burua, ez dut uste berezia naizenik.

Zein harreman daukazu sukaldearekin?

Beti gustatu izan zait sukaldean aritzea. Aita oso jatun berezia zen eta amak beti normaltasunetik kanpo zeuden platerak egiten zituen, gehienbat; horrek piztu zidan plater berriak probatzeko kuriositatea. Duela 15 urte-edo,  galeria batean lan egiten nuen eta jende asko ezagutu nuen. Euskal Herriko txoko asko ikusteaz gain, beti Mugaritzen egiten genuen bazkaria. Orduan, jatetxekoekin harremana egin eta bertan ikasi nuen estimatzen maila horretako sukaldaritza.

Zein da zure espezialitatea?

Ondoen egiten dudana da txitxarro handia labean.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena? 

Mugaritzera gonbidatuko nuke. Bertan ez daude aukeratzeko platerak, dagoena zerbitzatzen dute; abangoardiako platerak ateratzen dituzte. Gainera, urtero aldatzen dituzte plater horiek; beraz, probatzen joaten gara.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Joseba Sarrionandiarekin.

Pintura ala eskultura?

Seme-alaben artean bat aukeratzea bezala da; dena bat da niretako.

Zergatik artista?

Nire ustez, izatez danok gara artistak; denok dugu sortzaile puntua. Bestetik, kontuan izan behar da norberaren inguruko egoera naturala, soziala, ekonomikoa… baina potentzial hori lantzen bada, denok gara sortzaile.

Lotuta daude sukaldaritza eta artea?

Duda barik. Sukaldariekin harremanetan nagoenetik ikusi dut artea kreazio bat dela. Edozein diziplinatan, bere lana modu librean aurrera eramaten duena eta zerbait berria ahalegintzen dena egiten, ba, sortzen ari da; beraz, bai, batera doaz.

Artearen esparruan miresten duzun inor?

Gustuak aldatzen doaz bizitzan zehar; afinitate kontua da. Orain, XX. mende hasierako artistak atsegin ditut; errusiarrak, gehienbat. Eta, bat esatearren, Martin Kippenberger artista asko maite dut. Artista punk samarra izan zen, mugak apurtu zituena, oso ildo arrarokoa, gauza desberdinak egiten zituena umore finarekin.

Artista ez bazina…

Bidaietako gidari horietako bat. Edo bestela, irakasle.

Zer maite duzu bizimodu honetan?

Bizitza bera.

Non gustatuko litzaizuke zure lanak erakutsi?

Mila leku daude. Kontua ez da non erakutsi, kontua da zure lana nora heltzea nahi duzun. Ni edozein lekutan erakusten gustura nago, baina norberaren lana artearen meka handi batera heltzeak esan nahi du jende askorengana helduko dela; eta hori, hain juxtu, artista guztiek gurako luketen zerbait da.

Zer errepikatuko zenuke?

Gaztaroa; betiere, orain dudan jakinduria eta esperientziarekin.

Zerk beldurtzen zaitu?

Seme-alabei babesa eman ahal ez izateak beldurtzen gaitu gurasoak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Ez dut sofan esertzeko astirik; mila gauza daude egiteko. Ez naiz sofan esertzen 23:30ak arte, gutxienez.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Mexikora, Karibera.

Ze aholku konpartituko zenuke? 

Bizi bizitza, bakarra da-eta. 

----------

Aukeran...

Lehen platera: Zigalak. 

Bigarrena: Bisigua berakatzekin labean, lehengo erara. 

Postrea: Sagar-tarta.  

Edatekoa: Ardo beltz on bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak