Janire Urbieta: "Ikasle bat plazan dantzatzera iritsi dela ikusteak asko balio du"

Maialen Torres 2014ko abe. 15a, 09:42

Jardun Euskara elkarteak Plazetako euskal dantzen ikastaroa antolatu du, urtarriletik ekainera bitarterako. Juantxo Urbieta, Janire Urbieta eta Jon Arrillagaren eskutik, ikasleek erromerietako dantzak ezagutuko dituzte, fandangoa, arin-arina, aurreskua eta banakoa, besteak beste. 19:30etatik 21:00tara arituko dira asteazkenero, eta izen ematea zabalik da Jardun elkartean: 943763661.

Nori zuzendutako ikastaroa da?

Edonor etor daiteke. Izan ere, mailaka banatuko ditugu ikasleak, eta beraz, egongo da tokia zerotik hasi nahi duenarentzat, bai moldatzen direnentzat, baita maila ona dutenentzat ere.

Ze helmuga izango duzue?

Batzuek dakitena praktikan jartzea bilatzen dute, eta besteek plazan dantzatzea dute erronka, baina amaieran denok batera aritzeko gai izatea da helburua.

Animatuko zenuke jendea parte hartzera?

Noski baietz. Bada jende asko arin-arin bat edo fandango bat dantzatzen ez dakiena, eta uste dut euskaldun izanik, hori jakin beharreko zerbait dela. Erromerietan bazterrean begira geratzen direnentzat ere, konfiantza hartzeko aukera ona da.

Ohiko dantzez gain, zerbait gehiago landuko duzue?

Jende askok ezkontzetarako dantzak ikasi nahi izaten ditu eta izango dute aukera. Horrez gain, beste herri batzuetako dantza pausoak eta ohikotik harago doazen koreografiak ere irakatsiko dizkiegu oinarrizko mailatik gora aritzen direnei.

Zer behar da dantzan egiteko?

Batez ere, gogoa. Dena den, arropa erosoa, zapatila arinak eta aldatzeko kamiseta bat ekartzea ere gomendatzen dugu.

Irakasteak lan asko eskatzen du?

Batzuetan pazientzia behar izaten da, baina ikasle bat plazan (San Martzialetan, adibidez) dantzatzera iritsi dela ikusteak asko balio du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak