San Juan auzoko elizak, baina, izaera hori galdua zuen 2010ean ondoan duen baserriak su hartu zuenetik. "Suak teilatu zati bat erre zuen eta haren egoera oso kaskarra zen", dio Jexux Agirre auzo-alkateak. "Eliza zaintzeko ardura zutenak gero eta gutxiago ziren, eta eraikinak lan handia behar zuen", esan du Agirrek. Gauzak horrela, duela hilabete batzuk, San Juan auzoko garapenerako taldeak eliza erabilera askotariko areto bihurtzeko prozesua abiarazi zuen.
Lan handia
Prozesua sakona izan da, eta barruko lanen aurretik teilatua ere aldatu diote. "Erreta zegoen zatia ez ezik, guztia aldatzea erabaki genuen", azaldu du auzo-alkateak. Barruan, aldiz, paretak konpontzeaz gain, aldare gainean dagoen zerua ere konpondu dute, termitak janda zegoen-eta.
Prozesu horrek 50.000 euroko kostua izan du eta Udalak Aldundiarekin batera jarritako 30.000 euroak nahikoak ez zirenez, auzokideen eta inguruko enpresen babesa izan dute: "Diruaz edo auzolanean lagundu digute".
Lanok, baina, ez dute guztion bedeinkapena izan: "Elizak ez digu prozesua erraztu", argitu du Agirrek. 1810ean, Mendizabalen desamortizazioan, erosi zuen auzoak baseliza, eta dokumentuak izan arren, herriko apaizaren lana "ezinbestekoa" izan da. Zenbait bileraren ostean, auzotarrekin eta Gipuzkoako elizbarrutiarekin akordiora iritsi dira; horregatik, baselizan dauden altzari eta imajinak diozesiarenak izango dira aurreratzean. “Ondare hori baina, ez da auzotik irtengo”, azpimarratu du Agirrek.
Irekiera xumea
Auzotarrek, lan handia egin eta gero, domekan, festa bat baino gehiago, irekiera ekitaldi bat egingo dute. 13:00etan hasiko da ekitaldia, eta, bedeinkapenaren ondoren, dantzari eta ganbera-taldeen unea iritsiko da. Horien ostean, baselizak auzotarrak bilkura gune izateko zuen izaera hartuko du. Lehen ekitaldia domekan bertan egingo dute 50 bat auzotarrek, berritu osteko lehen bazkaria egingo dute-eta bertan. Seguruenez, mahaiaren bueltan, baseliza izango den aretoa erabiltzeko ideia asko irtengo dira.