Monumentala ez ezik, gozoa ere bai

Imanol Gallego 2014ko aza. 28a, 08:54
Ezkerretik eskumara, Mujika, Raizabal eta Larrañaga gozotegietakoak.

Bergarak gozogintzarekin duen harremana luzea eta zabala da; horren lekuko dira Bergarako erreileno eta tostoiak, gaur egun ere artisau eran ekoizten direnak. "Bergararrok oso gozozaleak gara", dio Raizabal gozotegiko Josune Sagastumek.

Bergaran sortuak diren erreileno eta tostoiek herriko mugak gainditu dituzte. "Herritarrek ez ezik, bisitariek ere erosten dituzte; Bergararen marka direla esango nuke", aipatu du Larrañaga gozotegiko Agustin Larrañagak.

Gabonei begira

Biharkoa laugarren Erreileno eta Tostoi Eguna izango da, eta, Gabonak gainean daudela kontuan izanda, udaletxeko arkupeetan (18:00) ez dira turroia eta halako tentazio gozoak faltako.  

Gonbita ez da makala izango, bertaratzen direnek euro baten truke txokolate beroa eta erreileno eta tostoi txiki bana jasoko dute-eta. Guztira, 600 erreileno eta beste horrenbeste tostoi txiki banatuko dituzte. "Plazan ez gara bakarrik egongo, herriko trikitilariek girotuko dute-eta gure produktuaren festa", dio Mujika gozotegiko Xabier Muxikak.  

Hiru gozotegi artisauotan egiten diren mokadutxo gozo horien errezeta sekretua ez izan arren, gutxik lortu dute hiru etxeotan lortzen duten zaporea kopiatzea. 

Arrautza eta azukrea

Erreileno ezagunak gorringo eta azukre irabiatuz betetako bi bizkotxo-geruza finez osatzen dira, eta almibar sendo batez estaltzen dira. Almibar hori labearen beroaren eraginez gogortu egiten da.

Tostoiak, aldiz, erreilenoak egiterakoan soberan geratzen diren zuringoak baliatuz sortzen dira. Zuringo horiei azukrea bota eta nahastu egiten dira, zatitxotan banatu, almendra xehatuz estali eta labean erre.

Hiru gozotegi historiko

Larrañaga, Mujika eta Raizabal gozotegiek herrikideek horrenbeste estimatzen duten tradizio gozoarekin jarraitzen dute.

1840an Gotxotegia zegoen gaur egungo lekuan Felix Aranzadik eta Valentina Unamunok Larrañaga gozotegia sortu zuten. Ordurako Bergarako erreilenoak deituriko bizkotxoak egiten ziren bertan. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du lanean.

1916an Bilboko Otxoa Gozotegian ikasi ondoren, Franciso Muxikak bere abizena duen gozotegia sortu zuen (Mujika). Haren seme Roman Muxikak jarraitu zuen, eta, gaur egun, haren seme Xabierrek. Beraz, familiaren hirugarren belaunaldiak jarraitzen du Bergarako tradizioko gozoak ekoizten eta saltzen.

1908an Basilio Raizabalek jarri zuen gozotegia, umetatik Piaren Gozotegian aprendiz lanetan ibili ondoren. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du tradiziozko gozoak egiten.

Tradizioa zapore bihurtu duten hiru gozotegi horiei esker, bihar eskainiko dituzten erreileno eta tostoiek garai batekoen zaporea mantenduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak