Zein da hitanoaren egungo egoera?
Gauza jakina da adin batetik aurrerakoek hika nahiko ondo egiten dutela, batez ere baserri girokoek, baina baita kalekoek ere. Belaunaldi gazteagoek, ordea, hika nola hala dakite, forma elementalenetan eta batzuek bakarrik. Askotan gizonezkoek gizonezkoena bakarrik jakiten dute, eta emakumeei ere gizonezkoenean egiten diete. Emakumeek, bataz beste, gutxiago dakite, ohitura gutxiago egon delako.
Zergatik egin du behera erabilerak?
Sasoi batean, erronka euskara mantentzea zenean, zuka egitea ere nahikoa zen. Orain gaztelerak presentzia handia du gizartean, eta, kasu batzuetan, euskaldunek ere euren bizitzaren gehiengoa erdaraz egiten dute. Zenbat eta euskara ahulago, hitanoa orduan eta gehiago ahuldu izan da. Hori zonaldeka argi ikusten da. Euskara ondo gorde den zonaldeetan, ondo gorde da gaur arte. Euskara larri ibili denetan berriz, Bergaran adibidez, hitanoa helduenek gorde dute, baina gazteek ez dute ikasi. Horrez gain, elizak eta jende ahaldunak ez du oso begi onez ikusi izan hika aritzea, baldar eta itsusitzat zutelako eta horrek ere izan du bere eragina. Hitanoak ez du prestigiorik izan. Orain, erdi hilda dagoenean, pixka bat gehiago baloratzen da, baina ez nahikoa. Transmisioari dagokionean, gurasoek semeari hika eta alabari zuka egiten zioten askotan, eta ez dakit zergatik, gurean ez delako horrela izan. Agian, taberna giroarekin lotzen zelako eta emakumeari tratu finagoa eman behar zitzaiolako.
Nolakoa izango da ikastaroa?
Lau eguneko ikastaro batean ez dago hikako forma guztiak ikasi, memorizatu eta ohitura hartzeko modurik, baina bai hitanoaren sekretu nagusiak ezagutzeko. Adibidez, esaldi nagusietan erabiltzen dela, baina menpekoetan ez. Taldean maila oso desberdinak izaten dira eta, horregatik, oinarrizko ikastaroa izango da, formarik erabilienak ikasiko ditugu.
Zein da hika aritzeko gakoa?
Ohitura hartzea. Berbetan berba eginez ikasten da, baina hori ez dute lau egunetan lortuko. Horretarako, Berbalaguna egitasmoaren antzeko zerbait beharko litzateke, Hikalaguna, edo halakoren bat. Ikastaroan oinarri bat eskaintzen zaie, eta gero euren kontura jarraitu beharko dute, ikastaroan ematen den materialaren eta taulen laguntzaz. Edonola ere, garrantzitsuena erabiltzea da, erabat ondo egin ez arren. Uste dut ez dela konplexurik izan behar
Zuk nondik jaso zenuen?
Nik eta nire adinekoak modu naturalean jaso dugu. Uste dut ez dela haur eskolan ikasteko kontua, heldutasunera bidean doazenean irakastekoa baizik. Hala ere, hezkuntzak hitanoaren aldeko apustua egin behar lukeela uste dut, gazteak praktikatzera animatu, eta gutxienez erabilerarako oinarri bat eskaintzeko.