Alokairu soziala, kreditu aldaketak eta epaiketa politikoak plenoko protagonista

Monika Belastegi 2014ko aza. 25a, 19:03
Goienako langile bat osokoa grabatzen.

Ohiko osoko bilkura izan zen atzo eta gai zerrenda luzea bazen ere bereziki hiru gai nabarmendu ziren besteen artean. Batetik, behin betiko onartu zen alokairu soziala bultzatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Bestetik, EAJk Gobernu taldeari aurrekontuen harira egindako kritika; eta hirugarrenik, Bergarako Librek aurkeztuta, epaiketa politikoen aurka onartu zuten mozioa.

Gobernu taldeak nahi baino gehiago luzatu bada ere, atzo onartu zuten osoko bilkuran herrian dauden etxe hutsak merkaturatuz, alokairu soziala bultzatzeko laguntzen programa. Atzerapenaren arrazoia Elkartuk, Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen elkarteak aurkeztutako alegazioa izan da Jaione Isazelaia alkateak azaldutako moduan: "Oso pozik gaude. Atzeratu egin da, izan ere, Elkartuk alegazioa aurkeztu zion programari. Guk sentiberatasun handia dugu elkarte horrekiko eta buelta asko eman dizkiogu. Azkenean ezin izan dugu onartu, baina bai hartu ditugu neurri batzuk horren inguruan".

Atzo behin betiko onartu zuten programak oso helburu garbia du, Isazelaiak azaldu duenez: "Helburua da etxebizitza eskubidea bermatzea guztiendako. Badakigu badirela gazteak eta independizatzeko arazoak dituzten hainbat pertsona eta hori dela eta, nahi izan dugu Bergaran dauden etxe huts pila hori merkaturatzeko ahalegina egitea".

Programak hiru modalitate ditu eta laster hasiko da Udala laguntza horien guztien gaineko herritarrei zuzendutako batzar informatiboak egiten.

EAJ eta PSE-EE, kontra

Gobernu taldea pozik badago ere, EAJk eta alderdi sozialistak kontra bozkatu zuten. EAJk bi arrazoi eman zituen kontra bozkatzeko. Batetik, ez daude ados Elkarturen alegazioa ez onartzeko Gobernu taldeak emandako arrazoiekin. Bestetik, etxe hutsen gaineko IBIaren %150eko igoera, errekaudatzeko modua izateaz gain, laguntza programa igoera hori justifikatzeko egin dutela uste dute. Honela esan du Aintzane Oiarbidek, EAJren Udal bozeramaleak: "Programa honen helburu nagusia ez da izan alokairu soziala sustatzea, baizik eta IBIaren %150eko errekargua justifikatzea. Gobernuaren helburua izango balitz alokairu soziala sustatzea, bazeukan Eusko Jaurlaritzarekin hitzartu beharreko programak, Bizigune esaterako, legealdi hasieratik egitea. Legealdi hasieran ez du sustatu halako programarik eta ikusten ari garena da, errekarguarekin diru bilketa egin duela lehenengo".

Kreditu aldaketak, eztabaidagai

Bestalde, osoko bilkurara eroandako kreditu aldaketak ere izan ziren eztabaida iturri. Zehazki EAJk,  aurten eman diren kreditu aldaketak Udalak aurrekontuak egitean duen planifikazio faltaren ondorio direla esan zuen, "partxeoak", Aintzane Oiarbideren esanetan: "Gobernu batek lehentasunak markatu behar ditu hasieratik eta gero aurrekontuekin aurrera eraman. Baina Gobernu honek ez dauzka lehentasunak argi, partxeo batzuk egiten ari da, eta nolabait bat-bateko erabakiak hartzen dituen Gobernua da".

"Zorra ikaragarri jaitsi da gure legegintzaldian"

Jaione Isazelaiak beste modu batera azaldu zituen gauzak: "Planifikazioa aspaldi dago eginda eta gainera dauka herritarrekin egindako plan estrategikoaren bermea. Baita Stoak egindako ikerketa, gure urteroko planifikazioa… Gertatzen dena da guk egiten ditugula kreditu aldaketak ziur gaudenean kopuruekin, eta ekintza hori benetan burutu ahal izango dela. Nik uste zuhurtziaz jokatzen dugula eta horren lekuko da gure zorra ikaragarri jaitsi dela gure legegintzaldian. Eta uste dut hori bergarar guztiendako onuragarri dela".

Epaiketa politikoen kontrako mozioa

Horrez guztiaz gain, Bergarako Librek epaiketa politikoen kontra aurkeztuko mozioak ere egin zuen aurrera atzoko bilkuran. Gobernu Taldearen eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten. Alderdi sozialista, abstenitu egin zen. Libreko kideek bilkuran bertan gogora ekarri zuten moduan, Aitziber Plazaola bergararra epaitzen ari dira Madrilen eta urtarrilaren 12an beste lau debagoiendarren, hiru Bergarakoak, kontrako epaiketa hasiko da.

Era berean, abenduaren 13rako antolatu duten ekintzan parte hartzeko dei ere egin zuten. Bestalde, abenduren 18an 28 gazteen kontrako epaiketa amaituko dela eta, Madrilera joateko autobusak ere antolatu dituztela aurreratu zuten.

Goiena telebistako udazken-negu sasoiko programazioko berrikuntzen barruan, Bergarako osoko bilkurak osorik eskainiko ditu. Nahi duten ikusleek, 22:00etan, atzoko osokoa jarraitzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak