Udalak kaleko lur azpiko edukiontziak kenduko ditu

Imanol Gallego 2014ko aza. 21a, 08:22
Irala kalean dauden lur azpiko edukiontziak.

Atez ateko hondakinen bilketa sistema jarri zenetik, hainbat hobekuntza egin dira. Duela hilabete batzuk, adibidez, kuboek haizearen eraginez ihes egin ez zezaten goma berezi bat jarri zitzaien esekitokiei. Udalak kaleko lur azpiko edukiontziak kenduko ditu

Bada, bilketa sistema egonkortu den honetan, hobekuntza sakonagoak egingo ditu Udalak.

Lur azpiko edukiontziak

Domingo Irala kalean dauden lur azpiko edukiontziak kendu egingo dituzte. "Beste edukiontzi batzuk ere kentzeko asmoa dugu", azaldu du Leire Iruin zinegotziak. Horiek, baina, aurrerago egingo diren lanak izango dira. "Beharren eta aurrekontuaren arabera egingo ditugun aktuazioak dira horiek", dio Iruinek.

Lan horiekin, hondakinak batzeko sistema berria martxan dagoenetik erabiltzen ez diren eta oztopo izan daitezkeen elementuak espaloietatik kendu nahi dituzte.

Miniguneak hobetu

Auzoetan dauden miniguneetan ere zenbait aldaketa egingo ditu Udalak. Gune horiek ez dira tokiz aldatuko eta espazio bera izango dute, baina Udalak hesitu egingo ditu. "Hobekuntza estetiko bat dela iruditu arren, herritarrek eta langileek eskertuko dituzten lanak izango dira", esan du zinegotziak, edukiontziak babestuago egongo dira-eta.  

Hesiak krisketadun atea izango du, eta barruan, auzotarrek egun dauden edukiontzi berberak topatuko dituzte.

Bulegoak ordutegi berria

Astelehenetik aurrera ordutegi berria izango du hondakinen kudeaketarako informazio bulegoak. Astelehenetik egubakoitzera bulegoa zabalik egongo da 10:00etatik 14:00etara. Orain arte eguazten arratsaldeetan ere irekita egoten zen udaletxearen sarreran dagoen bulegoa, baina, aurrerantzean, astelehen arratsaldeetan 15:00etatik 19:00etara baino ez da egongo zabalik.

Orain arte bezala, baina, kontsultak mezu elektroniko eta telefono bidez egiteko aukera egongo da. Bi bide horiek ez dira aldatu, eta beharra duten guztiek atezate-bergara@debagoiena.com helbidera mezu bat bidali edo 943-76 46 18 nahiz 688 65 72 43 telefono zenbakietara dei dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak