Nola hasi zinen eskaladan?
Betidanik joan izan gara eskiatzera gurasoak, anaia eta laurok. Anaiaren entrenatzailea eskalatzailea zen. Hala, aste bukaera batean harekin joan ginen eskalatzera, 5 urte inguru nituela. Ordutik hona, aste bukaera asko pasatu ditut eskalatzen.
Aste bukaera horietako batean, gaur egun nire eskalada entrenatzaile Joxean Mulas ezagutu nuen. Harekin entrenatzera joan nintzen duela lau urte inguru, ea nola moldatzen nintzen ikusi nahi zuelako. Bi urte pasa ondoren, lehiaketetan parte hartzeko gomendatu zidan, eta hala hasi nintzen.
2010ean lehiatzen hasita, lau urteren ondoren zenbat txapelketa irabazi dituzu?
Euskadiko eta Espainiako eskalada txapelketak irabazi ditut. Europako eta munduko txapelketetan, berriz, finalera heldutakoa naiz. Ondo heldu nintzen finaletara bi aldietan; akats ugari egin nituen finaletan, baina ez da ezer gertatzen… Ea aurrerago zorte hobea dudan eta finaletan dena ematen dudan, akats barik garaipena lortzeko.
Non entrenatzen zara?
Normalean, Aretxabaletako rokodromora joaten naiz entrenatzera. Rokodromo itzela da eta ordu asko pasatzen ditut bertan.
Eguraldi ona egiten duenean, berriz, Oñatiko Araotzeko kobara sarritan joaten gara eskaladan gabiltzan lagun kuadrilla. Izan ere, etxetik gertu dut eta mota guztietako bideak aurki daitezke bertan. Dimako Baltzolara ere gustura joaten naiz, eta, etxetik urrunago dagoen arren, hara ere sarri eta gustura joaten naiz lagunekin batera.
Zer behar da eskalatzaile ona izateko?
Batez ere, kirol hau gustatzea ezinbestekoa da. Asko praktikatu behar da; indarra, oreka, mugimenduak… Hori horrela, prestatu beharra dago, eta, horretarako, entrenamendua ezinbesteko da. Konstantziari eustea garrantzitsua da, atzean ez geratzeko, eta, gustatuz gero, ahal den guztietan eskalatzeko denbora ateratzen da.
Eskaladaz gain, eskiatzen ere lorpen handiak lortu dituzu… osagarriak dira?
Egia esan, ez, ondo eskiatzeko hanka indartsuak eta gogorrak izatea beharrezkoa da eta eskalatzeko, berriz, beste ezaugarri batzuk behar dira. Maila handiko eski alpinoan ere lehiatu naiz, eta sari batzuk irabazi ditut. Nire kategorian, Espainiako eslalom txapelketa irabazi nuen.… Nahiz eta kirol batek bestea ez osatu, biak egiten jarraitu nahi dut. Hori bai, eskian jarraitzea zailago ikusten dut. Agian, eskaladan bakarrik lehiatuko naiz eta eskia, berriz, ondo pasatzeko jarraituko dut egiten.
Hain gaztea izanik, zein mailataraino heldu zara orain arte?
Nire lehen 8c maila Baltzolan lortu nuen, White Zombie izenekoa, 12 urte nituela. Ondoren, Araotzen; Mala Vida eta Honky Tonky ere egin nituen, 8c+ mailakoak, 13 urterekin. Maila altuenera, berriz, Koldoren Mundua izeneko bidea eginez heldu nintzen 8c+ mailakoa eginda. Hau Araozko korea sektorean egin nuen. Azken hori ez zen lan erraza izan. Askotan erortzen nintzen eta igotzeko bidea bilatzea gogorra egin zitzaidan. Orain dudan erronka berria 9a mailara iristea da.
Hemendik aurrera ze asmo dituzu?
Orain arte bezala jarraitzea espero dut, eta poliki-poliki maila hobea hartu nahi dut. Eskiatzera ere joango naiz, baina txapelketetan parte hartu gabe, lagunekin disfrutatzeko bakarrik. Eskalatzen txapelketetan jarraitzea gustatuko litzaidake, eta, aurrez esan bezala, 9a mailara heltzea izango da hurrengo pausoa.
Hasi zara 9a mailako paretak eskalatzen?
Bai, baina ez diot denbora luzerik eskaini… Dimako Baltzola koban Ill Domani izenekoa hasi naiz probatzen, baina oraindik goiz da maila horretara iristeko. Ea ondo entrenatuta egunen baten lortzen dudan…
Norekin joaten zara eskalatzera?
Bergarako nire lagun gehienek ez dute eskalatzeko afiziorik, baina hainbat lagun batzen gara eskalada gustuko dugunak. Batzuk nire adinekoak eta beste asko nagusiagoak. Haiengandik ere asko ikasten dut, gainera.
Nora joango zinateke eskalatzera?
Greziako Kalymnos oso ezaguna da eskalatzaileen artean. Ni hara joango nintzateke. Hainbat uharte daude, pareta izugarriak, hondartza ederrak… horrelako paisaia politean eskalatzea bezalakorik ez dago…