Esaten duenez, aste buruetako lana da hori, eta, horregatik, astean zehar erdi mailako ziklo bat ikasten ari da: Sukaldaritza eta Gastronomia, hain zuzen ere. Oraingoz, oso gustura dago, eta, hemen arbitratzeaz gain, beste leku batzuetara ere joaten da; aurten, adibidez, Malagako torneo batean aritu da.
Zergatik egin zinen eskubaloiko epaile?
Batez ere, asko maitatzen dudalako eskubaloia. Txikitatik hasi nintzen jokatzen eta oso gustura nengoen. Baina urte batean ezin izan zuten talde bat aurrera eraman: jende gutxi zegoen, medioak falta ziren… eta, horregatik, eskubaloiko epaile hastea erabaki nuen. Dei batzuk egin, eskatzen zituzten probak gainditu eta, horrela, eskubaloiko epaile bihurtu nintzen. Bada, geroztik, oso gustura sentitzen naiz rol berri horretan.
Nola jasaten duzu presioa?
Hasi nintzenean, oso gaizki. Pentsatzen nuen ezingo nuela epaile jarraitu. Hasieran, normala denez, txikien, hau da, hasiberrien partiduak arbitratu behar izaten dira eta partidu horietara guraso asko joaten dira; eta haien jarrera ez zen batere erosoa nik hartzen nituen erabakien aurrean. Horrenbestez, hasieran, bereziki, oso zaila da aurrera egitea. Baina gero, nortasuna sendotzen den neurrian, horretaz disfrutatzea lortzen da.
Orain arte, nolakoa izan da zure esperientzia?
Asko disfrutatu dut. Lehen aipatu dudan moduan, hasierak oso zailak dira. Batez ere, hasieran ez daukagulako nortasunik arbitro moduan. Baina zenbat eta partidu gehiago arbitratu, orduan eta seguruago sentitzen da bat eta, azkenean, horretaz disfrutatzen da. Azken finean, jantziago egonda, horrekin zera lortzen da, mailaz igotzea; hau da, norberari finkatzen dizkioten helburuak betetzen badira, gora egiten da. Aurten, Euskadiko Ligan dihardut epaile, futbolean hirugarren maila izango litzatekeena.
Malagan esperientzia aberasgarria izan zenuen, ezta?
Bai, dudarik gabe. Espainiako epaile asko elkartu ginen, adin eta maila askotarikoak. Haiekin ideia eta esperientzia berri asko partekatu nituen, eta horrek, zalantzarik gabe, arbitro hobea egin nau.
Nola entrenatzen da arbitro bat?
Epaile izateko, ezinbestekoa da bi entrenamendu edukitzea: fisikoa eta mentala, hain zuzen ere. Lehenengoa preparatzeko, korrika egitera joaten naiz, astean pare bat ordu, eta, horretaz gain, Oñatiko eskubaloi talde baten entrenatzen naiz astean behin. Bigarrena, berriz, zailagoa da; hori entrenatzeko modu bakarra arbitratzea dela uste dut; izan ere, azkenean, esperientzia irabazita ikasten da.
Baduzu bestelako zaletasunik?
Bigantxak asko gustatzen zaizkit. Txikitatik gustatzen zait herrietako jaietara joatea horretan ibiltzeko; egia esanda, eskubaloia baino lehenago hasi nintzen horrekin. Horrela, ahal dudanean, beti joaten naiz edozein herritara bigantxez disfrutatzera.
Nola bateratzen dituzu ikasketak eta lana?
Ondo. Azken finean, asteburuetako lana da. Astean zehar erdi mailako ziklo batean dihardut eta bukatzen dudanean entrenatzera joaten naiz. Oraingoz, oso ondo nabil, eta horrela jarraitzea espero dut.
Nahiko zenuke horretaz bizi izatea?
Horretaz bizi izatea ezinezkoa da. Maila nagusietan ari direnak, adibidez Espainiako maila nagusian, Asobalen, beste lan bat dute horretaz gain. Honekin esan nahi dut ezinbestekoa dela epaile izateaz gain beste lan bat edukitzea. Baina, noski, asko litzaidake etorkizunean aukera hori izatea.
----------
Pertsonala
Talde gustukoena: Desagertu zen bat, San Antonio.
Toki gustukoena: Kiroldegia.
Bizi izateko leku bat: Corella (Nafarroa).
Musika talde gustukoena: Iron Maiden.
Amets bat: Arbitro profesional bilakatzea.
Pelikula bat: The Hunger Games (Gary Ross, 2012).