Bergarako Sorturen oharra:
CANDY EZ ITXI! ERALDAKETA EKONOMIKOA BEHARREZKOA DA
Candyren itxiera gertaera atmosferiko bezela aurkezten dute batzuek. Baina Candyren itxieraren atzean eredu ekonomiko bat dago, sistema kapitalista eta berau sustengatzen dutenak daude, Candyko arduradunetatik hasita.
Sistema kapitalistak merkatu librearen alde egiten du eta legeak merkatu librearen mesedetan egiten dituzten alderdi politiko eta instituzioak ere lehen mailako erredunak dira Candyren deslokalizazioan. Ez du balio Jaurlaritzak egiten duen bezala, sistema kapitalista, eraikuntza enpresa handi, banketxe eta multinazionalen neurrirako ekonomia legeak eta politikak egin ondoren itxieren aurrean kokodrilo malkoekin agertzea. Era berean salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritza Ertzantza erabiltzen ari dela Candy ixteko: pasa den ostiralean Gasteizko Parlamentutik langileak botatzeko eta asteazken goizean langileak bidetik kenduz kamioiek garbigailuak ateratzeko.
Sortuk kezkarik handiena adierazi nahi du Euskal Herrian lanpostu industrialen laurdena galdu delako azken urteotan. Are eta gehiago, lanpostu eta industriaren galeraren aurka Jaurlaritzak ez du behar beste egiten. Candy baino lehen hainbat enpresa itxi dira eta politika ekonomikoa aldatu ezean aurrerantzean ere asko itxiko direla segurua da.
Eskari oso zehatza egiten diogu Eusko Jaurlaritzari:
- AHTren eraikuntzan erabiltzen ari diren milaka milioi €uroak pertsonetan inbertitzeko: garapen eta berrikuntza ekonomikorako; kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa bermatzeko; etxebizitza eta babes soziala herritar guztiei bermatzeko.
Itxierek eta enpleguaren arazoak badute konponbidea, eragile guztiekin, baita EAJrekin ere elkarlanean aritzeko prest gaude, baina inondik inora ere ez politika atzerakoi eta neoliberalekin jarraitzeko baldin bada. Irtenbidea ezkerretik dator: lana eta aberastasuna banatzea; zerga politika berria, aberats eta fortuna handiei gehiago ordainduz; ehun industriala berritu eta garatzeko ganorazko plan industrialak egitea; tokiko ekonomia bultzatzea ( enpresa txiki eta ertainak, komertzioa, ekintzaileak eta lehenengo sektorea); legeak langile eta herritarren zerbitzura egitea. Horretarako burujabetza behar dugu: ekonomikoa, multinazional eta banketxeen aurrean herritarrok boterea berreskuratzeko; eta politikoa, erabaki ekonomiko guztiak Euskal Herrian hartzeko. Gu kalean bezala instituzioetan ere bide horretan ari gara.
Candyko langileei, gaizki pasatzen ari zareten begarar guztiei, gure elkartasun eta babesik beroena adierazten dizuegu. Bukatzeko, Candyko langileak egiten ari diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egiten dizuegu.