Paul Rios: "Bizi dugun unea ametsa da gehienontzat, eta ez dago aitzakiarik ez aprobetxatzeko"

Irati Goitia 2014ko aza. 12a, 12:00
Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea.

Bake prozesuaren egoeraz hitzaldia egingo du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak eguaztenean Bergaran, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etan.

Ze egoeratan dago bake prozesua une honetan?

Azken bi hilabeteetan gertatutakoa bakarrik aztertzen badugu, esan dezakegu apur bat geldituta dagoela. Ez zait gustatzen, ordea, horrelako balorazioak egitea, nahiago nuke epe luzeagoa izatea kontuan. Alderatzea, adibidez, nola geunden 2009an eta nola gauden egun. Uste dut bake prozesua nahiko ondo doala eta aurrerapauso handiak egon direla. Batzuk aipatzearren: ETAren indarkeria bukatu da, alderdi politiko guztiak legalak dira eta biktimen aitortza defendatu da. Orokorrean, elkarbizitza sendotu da. Hala, uste dut ondo doala bake prozesua, baina, dudarik gabe, baditugu hemendik aurrerako erronka garrantzitsuak.

Hirutik, bigarren etapan gaudela esan izan duzu. Zeintzuk dira etapa honetako helburuak?

Batetik, ETAren armagabetzea. Hasita dago, baina, dudarik gabe, oztopoak daude, bereziki, Espainiako Gobernuak ez duelako parte hartzen. Bestetik, presoen egoera aldatu egin behar da. Haien giza eskubideak errespetatuak izan behar dira. Hirugarren helburua da pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea. Horretan aurrerapauso handiak egon dira, baina oraindik gauza asko daude egiteko. Amaitzeko, berradiskidetzea sendotu behar da. Horretan ere egin da aurrera. Horiekin bukatutakoan sartuko gara hirugarren etapan, helburua izango da bereziki bizikidetza sendotzea, etorkizunean ez dadin iraganean gertatutakoa errepikatu.

Horiek dira helburuak, baina zein da hurrengo egin beharreko urratsa?

Ez nuke aipatuko bereziki bat. Nik uste dut momentu honetan bakoitzak egin behar duela gogoeta bat ikusteko zer egin dezakeen bake prozesua sendotzeko. Hainbat aktore daude, ez ETA eta Gobernua bakarrik; baita alderdi politikoak eta gizartea bere osotasunean.

ETAk edo Gobernuak ezer egin ezean, alderdi politikoen akordioak izan behar dira bideak?

Dudarik gabe. Bake prozesuetan protagonismoa, normalean, izan dute erakunde armatuek –gure kasuan ETAk– eta gobernuek. Nik uste dut hori ez dela eredu izan behar. Protagonismoa euskal gizartearen eskuetan egon behar da. Hala, ETAk ez du armagabetze prozesua garatu behar, Gobernuak beste zerbait egiteko; egin behar du euskal gizarteak behar duelako. Eta alderantziz, Gobernuak ez du presoen estrategia aldatu behar ETAk eskatzen duelako; baizik euskal gizarteak eskatzen duelako. Horregatik uste dut fokuak egon  behar duela euskal gizartearengan. Eta zentzu horretan proposamen ezberdinak egon behar dira euskal gizartearen nahia betetzeko. Azken inkesten arabera, euskal gizartearen nahia argi dago: %80k nahi du ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketa prozesu bat, %80k nahi du biktima guztien aitortza, espetxe politikan aldaketa... Hori da nahia, eta modua aurkitu behar da hori betetzeko.

Akordioetarako, Iparraldeko eta Hegoaldeko sentsibilitatea ezberdina dela esango zenuke?

Zalantzarik gabe. Hori agerian geratu da orain dela 15 egun aurkeztutako akordioarekin. Alderdi politiko guztietako ordezkariek sinatu zuten hitzarmen bat bake prozesua Iparraldetik bultzatzeko. Akaso, horrekin argi ikusten da zein ezberdina izan den gatazka Hegoaldean eta Iparraldean. Baina nik uste dut akordio hori garrantzitsua izan daitekeela aurrerapauso gehiago egoteko Hegoaldean. Espero dut hemen une honetan geldituta dagoen elkarrizketa prozesua mugitzeko akuilu izatea.

Diozu gizarteak izan behar duela motorra eta akordioek akuilu. Hala ere, ez duzu uste armagabetze urrats handiago batek edo Gobernuaren besteren batek aurrera egiteko bultzada emango lukeenik?

Bai, zalantzarik gabe. Une honetan korapiloa bi puntu horietan dago: armagabetze prozesuan eta espetxe politikan. Korapilo hori askatzeko hiru aukera daude: aldebakartasunezko urrats berri bat ETAren aldetik, Espainiako Gobernuaren aldetik aldaketa bat edo hemendik alderdi politiko guztien edo gehienen akordio bat. Nik uste dut bide bakoitzak bere abantailak eta oztopoak dituela, baina guk egin dezakeguna da alderdi politikoen arteko elkarrizketa prozesu bat martxan jarri. Gogoeta izan behar da: guk zer egin dezakegu? Uste dut ez dagoela aitzakiarik parlamentuetan ez edukitzeko elkarrizketarako gunerik.

Hauteskundeak ere bertan dira. Zenbat denbora gelditzen da elkarrizketa horiek gauzatzeko?

Hauteskundeek beti sortzen dituzte zailtasunak eta oztopoak. Normala da, lehia guztiz ezberdina da. Alderdi politikoek epe motzari begiratzen diote. Hala ere, ez dut uste baldintza izan behar denik. Guk betidanik proposatu izan dugu Alderdien Mahai bat eratzea. Batzuek horretarako instituzioak edo parlamentuak daudela erantzun izan digute. Une honetan, ETAren indarkeria amaitu denean, eta alderdi politiko guztiak legalak direnean, non dago arazoa? Zergatik ez jarri martxan Parlamentuan bake ponentzia bat? Ez dago benetako arrazoirik hori martxan ez jartzeko. Alderdi politikoen gogoeta eta autokritika bat egon behar da. Guztien aldetik, beste jarrera bat egon behar da. Unea aprobetxatu behar da. Hau ametsa da gehienontzat, eta ez dago aitzakiarik ez aprobetxatzeko. 

Presoek damua erakustea beharrezkoa da aurrera egiteko?

Damua ez. Gainera, betiko eztabaidetan sartzen gara. Nik uste dut presoen aldetik garrantzitsuena dela bizikidetzaren aldeko esfortzua egitea. Ez espetxe onurak lortzeko; baizik euskal gizartearen elkarbizitza sendotzeko. Damua izan behar da bakoitzaren erabakia eta ez da derrigorrezkoa, baina, dudarik gabe, komenigarria litzateke haien aldetik autokritika egotea, datozen belaunaldiek jakiteko beste modu batzuk daudela gatazka konpontzeko, eta ez bakarrik indarkeria.   

Auzitegi Nazionalean aurrera doaz hainbat epaiketa; horiek ere oztopo dira aurrera egiteko?

Dugun egoerarekin ezin ditut ulertu halako prozesuak. Pertsona guztiek askatasuna izan behar dute politikan aritzeko, eta bizikidetza sendotzeko ezin da onartu horrelako askatasun murrizketarik.   

Gaurkoa Memoriaren Eguna da. Ze garrantzi du iraganak?

Azken urteotan ikusi ditugu eztabaida gogorrak eta desadostasunak. Nik uste dut hori ez dela biktimen oroimena eta memoria gordetzeko bidea. Horretarako, adostasun zabal bat izan behar da, gizarte honek konpromisoa hartzeko eta etorkizunean biktima guztien sufrimendua oroitzeko.   

Martxoan amaituko da Lokarriren bidea. Zeintzuk dira azken erronkak?

Martxan ditugun ekimenak amaitu nahi ditugu, eta konpromisoak bete. Bereziki, hiru aipatuko nituzke: batetik, bake prozesua sendotzeko Gizarte Foroa; bestetik, konpromisoa daukagu nazioarteko bitartekariekin, eta kolaborazioari eutsiko diogu; azkenik, hainbat herritan eta bereziki Gipuzkoan bizikidetzako ekimenak martxan ditugu, eta horretan ere segimendu bat egon behar da. Asmoa da Lokarriren legatua ondo gordetzea, etorkizunean baliagarri izan dadin.

Nork hartuko dizue lekukoa?

Aipatutako Gizarte Foroa izan daiteke bat. Bestetik, hainbat talde eta elkarte lanean ari dira bake prozesuarekin lotutako ekimenetan: Sare, Fernando Buesa Fundazioa, Baketik... Uste dut badirela esparru ezberdinak eta gizartea nahiko aktiboa izan dela azken urteotan. Lokarri izan da instrumentu bat gizartearen zati baten nahia bideratzeko, baina, Lokarri desagertuta, ez da kideen nahia desagertuko. Eta, dudarik gabe, dauden elkarteetan toki bat aurki dezakete interesa duten pertsonek.    

Zuk non jarraituko duzu?

Hogei urteren ondoren, nire asmoa ez da bake prozesuan ez parte hartzea. Ez daukat argi, baina, non jarraituko dudan etorkizunean. Orain, helburu nagusia da Lokarriren ibilbidea ondo amaitzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak