'Geure kolkotik 2014' diskoa aurkeztuko dute domekan Zabalotegin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 7a, 11:10

Trikiti doinuak entzungo dira domekan Zabalotegi aretoan. Geure kolkotik bildumako bosgarren diskoa aurkeztuko dute, 17:30ean. Diskoa aurkeztuko duten lehenengo aldia izango da. Lanean bost trikitilarik parte hartu dute, tartean, Aritz Alustiza bergararrak; gainerakoak dira: Astiazaran II, Eneritz Bengoetxea, Iker Dorronsoro eta Maitane Aierza. 

Geure kolkotik bildumaren helburua sorkuntza bultzatu eta abesti berriak ateratzea da. Euskal Herriko trikiti elkarteak bultzatu eta argitaratzen du bilduma.

"Iazko neguan jaso nuen proposamena trikiti elkarteko Albertoren eskutik", azaldu du Alustizak. "Lehenengo aldia da horrelako formatu batean parte hartzen dudana. Proposamena jaso nuenean erronka moduan hartu nuen. Hiru abesti sortu ditut, eta gustura geratu naiz. Uste dut nire estiloa bilatu dudala", gaineratu du. Orain arte talde formatuan ibili izan da Alustiza; horregatik, bateria edo gitarren laguntza barik aritzea erronka izan da. "Trikitia eta perkusioa bakarrik erabili ditugu abestietan, hori zen baldintzetako bat", esan du Alustizak.

Denetariko doinuak

Neurri eta formak da Alustizaren lehenengo abestia. Trikiti bat da, baina "trikitiak berez dauzkan neurriak apurtu egin ditut", dio bergararrak. Iratxe Ibarrak ipini dio letra abestiari, eta trikitiari panderoak eta kaxa flamenkoak laguntzen diote.

Bigarren pieza Urrunera da. "Regea doinuak dituen abestia da. Kartzelan dagoen lagun bati eskaini diot, nire gogoetak dira", dio. Txalapartarekin nahastu du trikitia abesti honetan: "Erronka izan da, batez ere soinuagatik; trikitiaren tonuko egurrak lortzea izan da erronka".

Hirugarren abestia kalejira bat da, Bunuze. "Kalejira erraz bat egin nahi nuen, aldaketa gabea", dio. Txapa gabeko panderoarekin lagundutako kalejira izango da.
Kontzerturako sarrerak 16:30ean jarriko dituzte salgai leihatilan, 4 euroren truke. Horrez gain, diskoa ohiko saltokietan eta trikitixa.net atarian erosteko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak