Angiozarko historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatua

Irati Goitia 2014ko aza. 1a, 20:20

Angiozarko historia, San Migel Goiangeruaren eliza eta haren inguruak ezagutzeko aukera izan da gaur arratsaldean, Arantza Otaduik gidatutako bisita gidatuan. 35 lagun inguru elkartu dira.

"Bergarako turismo sailetik pentsatu zen herria horren zabala izanda, eta horren ezaugarri ezberdinak izanda, bisita gidatu bereziak egitea ondarea ezagutzera emateko", azaldu du Otaduik. Horren harira egin dute ibilbidea gidatua, hain zuzen. Bestalde, auzo-alkatetzak ere bertako ondarea zabaltzeko beti izan omen du interes handia. Hala, aurreko urteetan heriotzari buruzko bisita gidatuak ere egin izan dituzte.

Historian atzera

Bisitaren lehen zatian hainbat datu historiko eman ditu Otaduik. Besteak beste, Angiozar izena nondik etor daitekeen azaldu du: "Bi joera daude. Batetik, esaten da aingeru zaharretik etorriko zela. Bestetik, angioa zen lur mankomunatu baina itxia –haren ustiapena izango lukete bertako biztanleek bakarrik–. Hori Gipuzkoan hemen eta Hondarribian bakarrik eman zen".

Historiako hainbat datu eman ostean, elizatik gertu dagoen Angiozar edo Otxoenea bezala ezagutzen den baserria ikustera joan dira. Gidariak azaldu du bertan dorretxe bat izan zela garai batean eta Juan de Angiozar pertsonaia historikoa bertan jaio zela. Egun bertan dagoen barroko garaiko baserriak dorretxearen egitura gordetzen duela ere aipatu du.

Azkenik, eliza bisitatu dute eta sarrerako atearen gaineko argibideak eman ditu Otaduik, esaterako. "XVI. mendean gure eskualdeak iraultza kultural oso garrantzitsua bizi izan zuen, Oñatin burutu ziren obren harira. Ondorioz, bertako jende askok ikasiko zuen Oñatira etorritako goi mailako artisten adibideetatik. Hain zuzen, horren erakusle zoragarria da honako ate hau", esan du.

Bisitariak gustura eta harrituta ziren amaieran. "Izena nondik zetorren ez nekien, adibidez", esan zuen batek edo "bertan bizi gara eta gauza asko ez genekizkien", beste batek. "Zoragarria" izan zela zioenik ere bazen.

Otaduik balorazio positiboa egin du: "Ez nuen espero horrenbeste jende etortzea. Liluratuta nago inguruan ditugun gauza zoragarri hauek ezagutzeko jendeak erakutsi duen nahiaz". Aurrerantzean bisita gehiago egingo dituztela ere iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak