Seminarioko eliza kultura-areto bihurtzeko aurreproiektua prest du Bergarako Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko urr. 31a, 12:39

Harmaila teleskopiko automatikoak jarriko direnez, batuta daudenean, elizak jatorrizko itxura erakutsiko du.

Herritarrendako aurkezpena egingo dute azaroaren 4an, 19:00etan, Seminarioko elizan bertan. Aurreproiektua egin duen Vaumm arkitektura estudioko Jon Muniategiandikoetxea arkitekto bergararrak eta Xabier Ieregi udal arkitektoak emango dituzte azalpenak. Erakusketa ere jarriko dute osoko bilkuren areto ondoko pasilloan.

Udalak beste urrats bat egin du Seminarioko eliza erabilera askotariko kultura-areto bihurtzeko prozesuan; dagoeneko badute aurreproiektua.

Eliza babes berezia duten eraikuntzen multzoan jasota dagoenez, proiektua gauzatu ahal izateko elizaren elementu artistikoak ezinbestean kontuan hartu eta babestu behar dira. Abiapuntua hori izanda, eta ikuspuntu bat baino gehiago izateko asmoz, Zetabi Arkitektura Bulegoari, BEB Arkitektoei eta Vaumm Arkitektura eta Hirigintzari eskatu zieten aurreproiektua egiteko Udaletik. "Eliza ondare aldetik babestuta dago eta hori oso aintzat hartu beharra dago erabilera berria emateko orduan, ezin da edozer egin", azaldu du Leire Iruinek, Kultura zinegotziak.

Hirurek "oso ideia politak eta berritzaileak" aurkeztu dituztela gehitu du Iruinek, baina Vaumm Arkitektura eta Hirigintzaren alde egin dute, "ondarearen babesa eta erabilera ondoen uztartu dituena" delako.    

Harmaila teleskopikoak

Jon Muniategiandikoetxea Vaummeko arkitektoaren esanetan, euren proposamenak bi alderdi jorratzen ditu: "Batetik, elizak duen monumentaltasuna erakustea, eta bestetik, era askotariko ekitaldiak egitea ahalbidetzea eraikinaren izaera eraldatu gabe". Eta horretarako, proposatu dituzten elementu guztiak itzulgarriak dira, edozein unetan desmuntatu eta eliza eraberritua jatorrizko izaerara bueltatzea ahalbidetzen dutenak. Hain zuzen, ikusleak esertzeko hiru harmaila teleskopiko automatiko proposatu dituzte, eta agertokirako, aldarearen osagarri, tarima sistema, ikuskizunaren beharraren arabera agertokia handitu ahal izateko. Horrek guztiak, konfigurazio bat baino gehiago egiteko aukera ematen du, eta guztiak, oso denbora tarte laburrean: "Pertsona bakar batek, ordu erdian, konfigurazio guztiak alda ditzake", esan du Muniategiandikoetxeak.

Ikuskizun motaren edo momentuko beharraren arabera, konfigurazio bat edo beste aukeratu ahal izango da. Aforoari dagokionez, 700 lagunendako lekua dago zutik, eta 350 inguru, eserita.

Konfigurazio aniztasun horrek, erabilera asko izatea ahalbidetuko du, Udalak nahi zuen moduan eta Leire Iruinek azaldu duenez, erakusketak, antzerkia, kontzertuak –bandarenak barne– eta zinema proiekzioak egiteko aukera emango du. Turistendako harrera-gunea ere izango da.      

Herritarrendako aurkezpena

Herritarrei aurreproiektuaren gaineko xehetasunak emateko, aurkezpena antolatu dute. Datorren martitzenean, azaroaren 4an, izango da, 19:00etan, Seminarioko elizan, eta aurreproiektua egin duen Vaumm arkitektura estudioko Jon Muniategiandikoetxea arkitekto bergararrak eta Xabier Ieregi udal arkitektoak emango dituzte azalpenak. Erakusketa ere jarriko dute osoko bilkuren areto ondoko pasilloan.

Datorren asteko aurkezpenaren ondoren, hurrengo astean, hainbat kultura diziplinatan diharduten herritarrekin kontraste teknikoak egingo dituzte: "Soinuaren, argiaren eta halako behar teknikoen gaineko ekarpenak jaso nahi ditugu gaia ezagutzen duten herritarren partetik", esan du Leire Iruinek.

Hori guztia zehaztu ostean, proiektuari ekingo dio Vaumm-ek, 800.000 euroko aurrekontuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak