Juan Ramon Unamuno: "Bigarren lan hau osoagoa, samurragoa eta intimoagoa dela uste dut"

Imanol Gallego 2014ko urr. 31a, 10:50
Juan Ramon Unamuno musikaria.

Txorien aberria diskoaren ostean, Aldeta taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du. Folk doinuak bidelagun, Felipe Juaristiren poemei musika jarri diete. Zortzi abestiz osatutako Izarrak izaretan diskoan, talde helduagoa entzun daiteke. Lau kideek poesia arlo pribatutik atera, eta euren doinuei esker esparru publikoan gozagarri egin dute. Herrikoia bezain originala den diskoak entzulea barrutik biluztea lortzen du, bere sentimenduak azaleratuta. Domekan (20:00) etxekoen aurrean, Zabalotegin, aurkeztuko dute.

Bigarren diskoa den arren, musika kontuetan ibilbide luzea duzue.
Bai, bai. Taldekide guztiak beste talde batzuetan ibilitakoak gara. Nire kasuan, 70eko hamarkadan Uberako abade batekin hasi nintzen musika kontuetan, Txitxo Vomito taldekoa da, Monika abesbatza batetik dator eta Felipe, aldiz, poeta da.

Bigarren disko honetan, Bergarako bi musikariren laguntza izan duzue.
Bai, halaxe da. Gure doinuak helduagoak dira orain, eta biolina eta kontrabaxua sartu ditugu. Horretarako, Leire Ibartzabalen eta Josu Unamunoren kolaborazioa izan dugu. Bi musikari horiei esker, diskoa samurragoa eta gozoagoa dela esango nuke.

Zergatik poesia eta musika elkartzeko lan hau?
Gure marka da. Lehen diskoan ere gauza bere egin genuen, baina Izarrak izaretan lanean pauso bat harago joan garela uste dut. Disko borobilago edo osoagoa egitea lortu dugu. Poesia abesti bihurtzea ez da batere lan erraza, askotan aldaketak egin behar dira-eta.

Letra guztiak Feliperenak dira?
Lan honetan Feliperen hiru poema musikatu ditugu. Guztiak amodioaren eta desamodioaren inguruko letrak dira, kontrako sentimenduak izan arren batera doazen emozioak direlako.

Poesia oso intimoa da, eta musika aldiz, publikoa, da. Entzuleek nola jasotzen dute aldaketa hau?
Entzuleek eta guk geuk asko disfrutatzen dugu.  Oso emanaldi intimoak izaten dira. Azkeneko aldiz Errioxan izan ginen, eta bertaratu ziren 100 pertsonek kontzertua luzatzeko eskatu ziguten. Kontuan izan gure kantu gehienak euskaraz direla, eta, entzuleek gure kantuak behar bezala ulertzeko, hasieran laburpen bat egiten diegu.  

Abestiaren esanahia hain garrantzitsua den disko batean, euskara ulertzen ez dutenek nola jaso dute lan hau?
Ingelesarekin ere gauza bera gertatzen da. Musika gustuko izan arren, gehienetan ez duzu esanahia ulertzen. Baina jendeari abestiaren esanahia azaltzen badiozu, jendea barruraino sartzen da. Horretan Felipe maisua da, eta bere hitzen bidez abestiaren esanahia entzule guztiek berehala jasotzen dute.

Etxean jotzea berezia da?
Egun, Donostian bizi nahiz, baina nire sustraiak Bergaran daude. Kanpoan ere izan gara, baina domekakoa berezia izango da. Kuadrilla eta lagun artean emanaldia festa izango da. 20:00ak oso ordu erakargarria ez den arren, ziur oso emanaldi polita izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak