Aisialdiaz gozatzea, familian lotura afektiboak sortzeko gakoa

Maialen Torres 2014ko urr. 29a, 10:04

"Jolasa plazera da". Etxadi taldeko Johana Rekagorri eta Maialen Sanchez psikologoen esanak dira horiek. Bergaran izan ziren, familia eta aisialdiari buruzko hitzaldia eskaintzen, eta hamar bat partaiderekin batera, aisialdi ereduaz, jolasen onurez eta eskolaz kanpokoez aritu ziren.

Familian denbora libreaz gozatzeko aukera izateak errutinetatik kanpo gozatzeko, familia arteko harremanak hobetzeko, seme-alaba eta gurasoen arteko lotura afektiboak sendotzeko eta seme-alabak hobeto ezagutzeko aukera ematen duela argi dute Etxadiko kideek. Hizlarien esanetan, denboraren antolaketa da horretarako gakoa "garrantzitsua da familiako kide guztien artean denbora librearen erabilera antolatzea. Horretarako, denbora zertan eta zelan gozatu nahi dugun erabaki behar da, baita familian edo bakarka egingo dugun ere" azaldu dute.

Dena den, Rekagorri eta Sanchezen ustez, erabakitzerako garaian, kontutan hartu behar dira seme-alaben gustuak, lehentasunak, abileziak eta nahiak, eta ziurtatu egin behar da familiako kide guztien beharrizanak asetzen direla. Horrez gain, azpimarratu nahi izan dute familiako aisialdia ez dela "beti kontsumoarekin lotu behar" eta aparteko dirurik gastatu gabe egiteko modukoak proposatzen dituzte. Besteak beste, mendira edo egun pasa joatea, futbolean edo saskibaloian aritzea, herriko elkarteetan parte hartzea, karta edo mahai jokoekin jolastea, etxean antzerkiak edo dantzak prestatzea, sukaldean elkarrekin aritzea edota zerbait margotzea.

Eskolaz kanpokoen oreka

Gogoan izan zuten, baita ere, familia askok arazoak dituztela euren ordutegiak uztartzeko, batez ere, lanagatik eta arrazoi sozialengatik. Hori dela eta, "eskolaz kanpoko jarduerak aprobetxatzen dira seme-alabek gurasoekin egin ezin ditzaketen jarduerak egiteko" esan dute Rekagorrik eta Sanchezek.

Edonola ere, bi psikologoek azpimarratu dute, abilezia eta trebetasunak lantzeko "positiboa" izan daitekeen arren, gehiegizko eskolaz kanpoko jarduerak "ume eta gazteengan nekea eta estresa" ere eragin ditzakeela. Hori dela eta, denbora librearen eta eskolaz kanpokoen arteko oreka lortzen saiatzea proposatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak