Arantza Otadui: "Historialariok iragana ikertzeko esfortzu handia egiten dugu"

Imanol Gallego 2014ko urr. 27a, 11:00
Arantza Otaduy historialaria.

Bergara, hedadura mailan Gipuzkoako herri handienetako bat da, eta bisitari gehienak bere erdigunean geratzen diren arren, bere auzo eta mendiek altxor ugari ezkutatzen dituzte. Hauek ikertu eta jendeari erakusteko ardura hartu duen Arantza Otadui historialariak, Angiozar ezagutzeko bi bisita gidatu egingo ditu auzotik zehar azaroan.

Nondik sortu zen Angiozar ezagutzera emateko aukera hau?
Bi bergararrekin batera Iraganeko Oinatzak izeneko proiektua sortu genuenean, hasieratik argi izan genuen, inguruko ondare historiko eta naturala ikertzeaz gain, berau zabaltzeko lana ere hartu behar genuela, hortik sortu zen bisitak egiteko aukera.

Angiozar berezi da?
Oso berezia. Elgetako parte izan eta gero, XX. mendean Uberarekin batera, Bergararekin bat egin zuen. Horrez gain, behe Erdi Arotik aurrerako garapena ezagutzeko toki aproposa da. Angiozar bidegurutze garrantzitsua zen. Arrasateko altzairua edo Bergarako ehunak Bizkaira eroateko igaro beharreko tokia zen.

Ondarea ere erakutsiko duzue?
Ibilbidea ez dugu guztiz finkatu baina, eliza edo auzoko jauregiren bat bisitatuko dugu. Azpimarratzekoa da Juan San Martin edo Patxi Larrañaga bezalako historialariek etnografia eta baserrietako historian egindako lana. Gurea bezalako ibilbide bat planifikatzerako orduan, aurrekoen lana oso baliotsua da.

Bisita auzora mugatuko da?
Angiozar ez da irla bat, eta bailara guztia bezala Oñatiko jauntxoaren menpe egon zen. Eskualdeko eta inguruetako gertakariak errepasatuko ditugu, beti ere Angiozarrek dituen ezaugarriak azpimarratuz.

Auzotarrek nola jaso dute bailara ezagutzera emateko ideia?
Angiozargo jendearen laguntza erabatekoa izan da, eta eurengandik asko ikasten ari gara. Jose Angel Mikeo, auzo alkatearekin dugun hartu-emana oso positiboa izan da.

Herritarrok gure iragana ongi ezagutzen dugu?
Historialariok ere demaseko esfortzua egiten dugu iragana ikertzeko, hortaz, ulergarria da herritarrek euren sorterriaren historiaren oso ehuneko txikia ezagutzea. Gu geuk, asko sakondu arren, historiaren zatitxo bat baino ez dugu ezagutzen.

Bisitara joan nahi dutenek nora joan behar dute?
Turismo bulegoa itxita dagoenez, errazena turismoa@bergara.net helbidera mezu bat bidaltzea edo 943 77 91 83 telefonoan eskaera egitea da. Horretarako aukera egubakoitzean amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak