Gustura jasotzen dira halako sariak?
Zalantza barik, bai. Lortutako igoerarengatik eta taldeak igoera lortu zuen moduarengatik eta erakutsitako jarrerarengatik jaso genuen saria. Eta hori diot, nik jaso arren, nirekin egunero lan egiten dutenen saria ere badelako: teknikari, jokalari, elkarteko langile… Eta Cobo saria bereziki baloratzen dut nire lankideek emandakoa delako. Epaimahaian Nazional Mailako entrenatzaile direnak daude. Igoera bai, baina bereziki talde izaera eta lana baloratu dizkigute.
Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara. Hori zen helburua?
Ez genuen helbururik zehaztu. Leganesera heldu nintzenean, hutsetik hasi behar izan nuen lanean. Ordura arte kluba enpresa baten eskuetan zegoen eta Huescara joan ziren taldea utzita. Kontratua sinatu nuenean bost jokalari zeuden taldean, eta haietatik hiruk ez zuten gurekin jarraitu.
Hori horrela, hutsetik hasi nintzen, kirol arloan, eta baita azpiegitura arloan ere. Helburua zen taldea osatzea eta, batez ere, zaleengana heltzea. Hamabostean behin Butarque zelaia beteta ikusteko ahaleginean hasi ginen, eta helburu txikiak betetzen joan ginen, poliki-poliki. Emaitzek ere lagundu ziguten, eta, liga bigarren lekuan bukatu ostean, igoera lortu genuen.
Badakigu nekeza izango dela, baina, igoera lortuta, orain, iaz hasitako bideari jarraipena eman behar diogu.
Bigarren B Mailatik Bigarrenera aldaketa handia dago?
Bigarren Maila maila profesionala da. Aldaketa asko daude: aurrekontuak, entrenatzeko eta jokatzeko instalazioak, lanerako teknikari gehiago behar dira… Klubarendako aldaketa handiak dira eta, gainera, astero-astero, lehiatu behar dugu. Emaitzek ipiniko gaituzte merezi dugun lekuan.
Igo berri den taldea izanda, helburua mailari eustea izango da?
Ez naiz helburuak ipintzearen aldekoa. Ez dut epe luzerako helburuetan sinesten. Asteroko partidua da gure helburua. Ondo lehiatu behar dugu. Iaz nirekin egon ziren hamabost jokalari ditut eta jarrera berberarekin egingo dugu lan, eta ikusiko dugu noraino heltzeko gai garen.
Partiduz partidu orduan?
Bai, horixe da futbolaren errealitatea. Iaz, modan ipini zuen Cholo Simeonek, baina betidanik futbolean egon izan den kontzeptua da. Leganesen bide onetik goazela uste dut.
Lehenengo Mailan jokatu duten talde askoren kontra lehiatuko zarete. Zuen maila nolakoa den neurtzeko partiduak izango dira?
Egun, Bigarren Mailan dauden taldeetatik hamalauk inoiz jokatu izan dute Lehen Mailan. Talde horien kontra lehiakorrak izan behar dugu. Sportingen kontra azken minutuan galdu genuen, eta Betisen kontra irabazi. Emaitzengatik harago, lehiatzeko gai izan ginela azpimarratuko nuke. Betisek, Valladolidek eta Las Palmasek kalitate puntu bat gehiago dutela uste dut. Euren atzetik ibiliko dira Mallorca, Osasuna, Zaragoza… eta ostean, gainerako guztiak.
Maila honetara helduta umilak izan behar dugu, baina lehiatzeko gai izan behar dugu. Nire jokalariei Eibar ipintzen diet adibide moduan. Bi urtean Bigarren B Mailatik Lehen Mailara heldu dira, eta, klub umila izanda ere, Atleticoren eta Bartzelonaren kontra lehiatzeko gai izan dira. Hori da gure bidea.
Eibar aipatu duzula, hango jokalari izan zinen zu ere!
Eta Gaizka Garitanorekin kointziditu nuen han. Bi etapatan jokatu nuen Eibarren: lehena 23 urterekin. Klubak bilakaera ikusgarria izan du, barrutik eta kanpotik. Nik oso oroitzapen onak ditut eta guretako ispilu bat da: lana ondo eginda, helburu handiak lor daitezke. Hori erakusten du Eibarrek.
Garitano abizena bogan dago orain, Gaizka Garitanori esker.
Hala da, eta asko pozten naiz harengatik. Askotan nahasten gaituzte. Senitartekoak garela uste dute askok. Lezaman topo egin genuen jokalari ginenean: Gaizkak, Anderrek eta hirurok. Ostean, Eibarren egon nintzenean ere han zegoen Gaizka. Ez dugu ahaidetasunik: ni bergararra naiz eta haiek bizkaitarrak. Dena den, hartu-emana badaukagu, eta asko pozten naiz egiten ari den lanarekin. Ondo lan eginda, helburuak bete ahal direla erakusten du horrek.
Leganesera heldu aurretik, hainbat taldetan egon zara entrenatzaile.
Aurtengoa dut laugarren denboraldia entrenatzaile nagusi moduan. Aurretik Orihuelan eta Alcoyn egon nintzen. Orihuelan igoera fasea jokatu genuen, eta Alcoyn egon nintzen urtean Real Madrilen kontra jokatu genuen Kopa Txapelketa. Esperientzia itzelak izan ziren. Curriculumerako oso onak.
Bigarren entrenatzaile lanak egin nituen Alacanten. Han bukatu nuen nire futbol jokalari ibilbidea, eta han hasi nuen entrenatzaile ibilbidea.
Entrenatzaile moduan Lehenengo Mailara heltzeko esperantzarik badaukazu?
Oso zaila da Lehen Mailara heltzea. Entrenatzaile bat kaleratzen dutenean, hautagaien zerrendan agertzen direnak betiko entrenatzaileak dira. Zirkulu itxia dela esango nuke. Ezagunen batengatik ez bada, zaila da Lehen Mailan muturra sartzea. Bigarren Mailan ere zaila da. Biak ala biak maila profesionalak izanik, ez da erraza muturra sartzea. Hortaz, behin Bigarren Mailara helduta, aukera aprobetxatu beharko dut.
Gauzak ondo doazenean entrenatzaile lana ederra ei da. Egoera okertzen denean, ez horrenbeste!
Horrelakoa da entrenatzaileon lana. Emaitzen esku gaude. Nik, zorionez, ez dut futbolaren alderdi txarra bizi izan, baina hori heltzen denerako prest egon gurako nuke.
10 urterekin joan zinen Lezamara eta handik eraiki duzu futbol jokalari eta entrenatzaile bidea. Ametsa bete duzu?
Baietz esango nuke. Lehenengo, futbol jokalari izan nintzen 13 urtez. Alacanten bukatu nuen jokalari ibilbidea eta han hasi nintzen bigarren entrenatzaile moduan. Gustuko lana daukat, eta ezin naiz kexatu. Ea, bada, luzerako lanbide dudan entrenatzaile lana. Gaur egun ere, mutiko guztiek gura dute futbol jokalari izan, eta gutxi batzuek betetzen dute ametsa. Nik bete nuen.
Etorkizunean Bergarara itzultzeko asmorik?
Urtean hiruzpalau aldiz joaten naiz familia ikustera, baina ez dakit entrenatzaile lanetarako joango naizen.
Entrenatzaileok beti ditugu maletak gertu eta batek daki non egongo naizen bihar edo etzi. Egia da Bergaran ez dudala futbolean jokatu, eta, akaso, entrenatzaile ibilbidea bukatzeko aukera polita izango litzateke.