Jon Suinaga zelakoa da?
Ezinegonez betetako pertsona arrunta naiz, buruan ideiak sortzeko makina duena.
Zein harreman duzu sukaldearekin?
Egia esateko, nahiko harreman eskasa dut, beti kanpoan bazkaltzen dut-eta; afalorduan ere ez diogu denbora luzerik eskaintzen. Entsalada bat, pizza bat… Plater errazetara jotzen dugu.
Zein da zure espezialitatea?
Egun berezietan aritzen naiz sukaldean, eta esango nuke paellari neurria hartua diodala. Alabak eta bere lagunek nik prestatutako makarroiak ere gustura jaten dituzte.
Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?
Ardo on bat edanez elkarrekin lasai hitz egitera, eta ondoren, jatetxe on batean bazkaltzera.
Eta etsairik handiena zertara?
Errespetua eta jokamoldea hobetzeko ikastaro batera.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?
Bizirik balego, Cristobal Colonekin egingo nuke bazkaria, eta, bestela, Arnaldo Otegi eta Iñigo Urkullu gonbidatuko nituzke; ea bazkalostean norabide berean lan egiteko ados jartzen diren.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Ez dut uste nire bizitzako puntu zehatz batean hasi zenik, naturalki betidanik izan dudan zerbait da. Kontua da azken urteotan beste gauza batzuei baino lehentasun handiagoa eman diodala.
Zer eman dizu idazteak?
Momentu on asko eman dizkit, idazten dudanean oso gustura aritzen naizelako, eta eleberria kaleratzea sorpresa izan zen, baita satisfazio handia ere.
Ze osagai behar dira idazle izateko?
Zaletasuna izatea eta idazteari orduak eskaintzea.
Baduzu libururen bat labean?
Azkenaldian, txirrindularitzari buruz idatzi izan dut Interneten, eta horri lotutako zerbait egin nahiko nuke; baina oraindik ez dut erabaki zer izango den.
Zein istorio idatziko zenuke gustura?
Beti gustatu izan zaizkit bidaia eta abentura liburuak, eta horrelako bat idatziko nuke, Colonekin Ameriketara bidean zihoan marinel baten ikuspegitik, agian.
Nondik datorkizu inspirazioa?
Idazleak hartzen dituzte eredutzat askok, baina nik pertsonaia historikoak eta haien pasarteak ditut inspirazio iturri.
Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...
Inguruko jendearentzat osasuna eta zoriona eskatuko nituzke, baita Euskal Herri independentea ere.
Zure bizitzako anekdota bat?
Asko izan ditut, baina kontatzeko modukorik ez zait bururatzen.
Damu zara...
Seriotasunez idazteari lehenago ekin ez izanaz.
Zer errepikatuko zenuke?
Motxila soinean hartu eta neskarekin Kubara joan nintzenekoa, edo Brasilera eta Argentinara egin genuen eztei-bidaia.
Zerk beldurtzen zaitu?
Ingurukoak sufritzen ikusteak.
Lanetik etxera iritsi berri, zer egitea gustatzen zaizu?
Aktibo egoten saiatzen naiz, kirola egitera edo alabaren bila joanez, bestela; izan ere, sofan eseriz gero, ez dut eguna aprobetxatzen.
Nora egingo zenuke ospa?
Espaziotik Lurra ikustea gustatuko litzaidake.
Ze aholku konpartituko zenuke?
Bizi izateko ilusioa izatea eta norberaren ametsak jarraitzea.
----------
Aukeran...
Lehen platera: Marisko-entsalada epela
Bigarrena: Solomilloa roquefort saltsan
Postrea: Hostopil-tarta
Edatekoa: Errioxako ardo ondua