Asko aldatu da zure begirada ibilbide honetan zehar?
Demaseko aldaketa izan dut. Urtetik urtera aldaketak ikusi egiten dira, ikasten zoazen prozesu bat da hau; hala ere, ez duzu inoiz gailurra ukituko, eta horrek motibatu egiten nau. Interneten argazki asko ikusten ditut, eta batzuk zoragarriak direla iruditzen zait, baina badakit ez naizela maila horretara iritsiko.
Ikuspuntua ez ezik, teknika ere asko aldatu da.
Digitala iraultza izan da. Ni diapositiba eta argazki analogikoen garaian hasi nintzen argazkilaritzan eta egungo baliabideak izugarriak dira. Euskarri digitalak, kalitate handia izateaz gain, zerrenda ezinak diren aukerak ematen dizkizu argazkia eraldatu edo hobetzeko.
Digitalak, hortaz, zure argazkilari zena ase du?
Ez, ez. Erretiroa hartu dudanetik sekula baino argazki gehiago ateratzen ari naiz, baina oraindik ez naiz iritsi barruan dudan argazki perfektu hori egitera, eta, ziurrenik, ez naiz sekula iritsiko.
Erraza da zure begirada besteei erakustea?
Zailena argazkien aukeraketa egitea da; kontuan izan argazki asko ditudala. Argazkiak niretzat egiten ditut, eta horietako askok esanahi berezi bat dutela iruditu arren, jendeak ez ditu berdin ikusten.
Hortaz, zuretzat argazkiak oso gauza pertsonalak dira.
Nik horrela tratatzen ditut. Argazki baten atzean diafragma batek jasotzen duen argia baino gehiago dago. Nork bere sentimendu eta bizipenak lagatzen ditu une horretan. Duela aste pare bat egindako argazki bat gaur ez nuke era berean egingo, argazki batean aurrean ikusten dena baino gehiago dago. Hala ere, nire lanak erraz ezagutzen dira. Mundu honetan ibiltzen garenok bizkor antzematen dugu noren begirada dagoen argazki baten atzean.
Lau dira mostra honetara ekarri dituzun argazki multzoak.
Nire argazkiak lau mailatan sailkatuko nituzke: mendia, kirola, natura eta librea. Nire zaletasunak diren argazkiak ateratzen saiatzen naiz.
Zein poltsa da zailena?
Erretratua, dudarik gabe. Naturak une zoragarriak eskaintzen dizkizu, eta, ilunabar zoragarri batekin topo egiten baduzu, argazki on bat ateratzea ez da gauza zaila; erretratuekin, aldiz, ez da berdin gertatzen. Segundo bat baino motzagoa den unetxo horretan, pertsona horren izaera, begirada arima… jaso behar da.