Peru Azkarate: "Aginduetarako berba laburrak eta tonu irmoa erabili behar dira, txakurrak ondo uler ditzan"

Mireia Bikuña 2014ko urr. 21a, 12:00

Peru Azkarate eta 'Argi' txakurra.

Duela bi urte txakurra erosi eta txakur-kros probatan parte hartzen hasi zen. Argi lagun duela Gipuzkoa mailako proba gehienetan parte hartu zuen iaz. Azaroaren 15ean eta 16an Bergaran egongo da, Euskadiko Mushing txapelketan parte hartzen. Peru Azkarate bergararra da.

Noiz hasi zinen txakurrarekin?

Orain dela bi urte eta erdi erosi nuen txakurra Iurretako baserri baten.  Nire lehenengo txakurra izan da eta propio aukeratu nuen Doberman arraza, berarekin korrika egiteko asmoz. 

Txikitatik saskibaloian jokatu izan dut baina ikasketek eta lanak ez zidaten denbora larregi uzten entrenamenduetara joateko. Ostean pare bat Behobia-Donostia egin nituen txakur-krosarekin hasi aurretik. Txakurrarekin korrikan ibiltzeak asko erakartzen ninduen.

Zergatik aukera zenuen modalitate hau?

Geroz eta azkarrago korrika egitea erronka bihurtzen da eta txakurrarekin bada askoz gehiago disfrutatzen da. Eta mendiarekin lotuta badago, askoz hobe! Gipuzkoa mailan, txakur-krosean, korrikalari dezente ibiltzen da eta giro ona sortzen da gure artean. Lasterketatan lagun berberak elkartzen gara. Proben aurretik, entrenatzeko ere elkartzen gara.

Ze txakur daukazu?

Izaera mantsoa duen bi urteko Dobermana: Argi. Korrika egiten edo bizikletari tiraka ibiltzea gustatzen zaio. Lasterketatan arraza ezberdineko txakurrak elkartzen dira eta ikusgarria izaten da, batzuk oso bereziak direlako: Alaskanoak, Malamuteak, Brakoak, Huskyak….

Zenbat probatan parte hartu duzu?

Aurreko urtean Gipuzkoako txakur-kros gehienetan eta Errioxako baten egon nintzen. 

Lasterketatan parte hartzeko txakurrak, txertatuta egon behar du eta, gutxienez, urtebete izan behar du. Argi-k urtea bete bezain pronto hasi nintzen lasterketekin. Gipuzkoako lasterketak dira inportanteenak: Bergara, Orio, Ulia (Donostia), Tolosa, Zumaia eta Hondarribia. 

Korrikalari gehien egoten da proba horietan eta oso ondo prestatzen dituzte probak. Besteak beste, aipagarriak dira Leire Fernandez irundarra Europako txapeldun dena eta Juan Mari Lujanbio pasaitarra Espainiako txapeldun dena.

Nolako probak egiten dituzue?

10km inguruko lasterketak izaten dira, motzak baina desnibel handikoak. Fisikoki ondo prestatuta egon behar da aldapan gora eta behera eroso ibiltzeko. Ordu erdi eta 40 minutu arteko probak izaten dira normalean. 

Lasterketa batzuk herriko kaleetan hasi arren –Tolosan, Zumaian eta Orion esaterako–  mendi bideetan barrena izaten dira tramu luzeenak. Bide malkartsuak izaten dira, eta neguko kirola denez, putzu eta lokatz pilo artean ibiltzean erorikoak egoten dira. 

Aldapan gora txakurrak asko laguntzen du baina aldapan behera, txakurra tiraka joaten da eta kosta egiten da eustea. Orkatilak bihurritzeko arrisku handia egoten da eta kontuz ibili bihar da.

Zuek egiten duzuen modalitatean txakurraren eta pertsonaren arteko konplizitatea ezinbestekoa da?

Txakurra arnes batekin lotzen da. Hasieratik erakutsi behar zaio korrika pertsonaren aurretik egin behar duela. Tiraka joan behar dela. 

Normalean ez da arazorik egoten, baina txakur batzuk beste batzuk baino indar gutxiago daukate eta kosta egiten zaie lasterketa osoan tiraka joatea. 

Bestalde, txakurra animatzen joatea oso ona da, batez ere aldapa gora denean edo erritmoa azkartu nahi denean. Era berean, oso ohikoa izaten da txakur bat beste batekin lehian ibiltzea, azkarragoa zein den ikusteko. Aldapa behera aldiz, polikiago joateko eskatzen diot.

Bukaeran, txakurra zoriondu eta egindako lanarengatik eskerrak ematea garrantzitsua da.

Zein da garrantzitsuagoa txakurra ala zuek?

Biak orekatu behar dira. Dena den, txakurra gehiegi behartzea ez da komeni. Bero handia egiten duenean, txakurrarekin kontuz ibili behar da, korrika egin barik, bero-kolperik sufritu ez dezan.

Zein agindu eta nola ematen dizkiozu txakurrari?

Aginduetarako hitz laburrak eta tonu irmoa erabili behar dira txakurrak erraz ulertzeko. 

Pertsona bakoitzak bere aginduak erabiltzen ditu, badira txakurraren arrazaren jatorriaren arabera hizkuntza baten edo bestean esaten dituenik ere: frantsesez, alemanez…. Korrika egitean txakurra animatzeko "segi!" edo "oso ondo" esaten diot nik, eta aldapan behera "poliki", besterik ez.

Bergarako Pol-Pol taldeko kide zaitugu. Zenbat lagun diharduzue?

Bai, aurten sortu dugu Pol-Pol medizale elkartearen barruan Mushing taldea. Bergarako Fernando Cobos eta bere emazte Maribi dira presidentea eta diruzaina hurrenez hurren.

Maribiren Subijai umeendako arropa denda izaten da ohiko elkargune hainbat kontu edo material banatzeko. Elgoibar eta  Iruñako korrikalariak ere fitxatu ditugu eta nahiko maila altua lortu dugu taldean.

Pozik gaude taldea sortu izanagatik eta orain arte egindako lanarekin.

Zergatik erabaki zenuten taldea sortzea?

Txakur-krosa gero eta gehiago zabaltzen ari den kirola dela uste dugu. Ezaugarri ezberdinak bateratzen dituen kirola da: mendizaletasuna, korrika egitea eta txakurrekiko zaletasuna. 

Azaroan Gorlako mushing txapelketa jokatuko da, iaz bezala, baina aurten bultzada berria eman dura izan diogu eta Euskadiko txapelketa absolutua izango da. Azaroaren 15ean eta 16an jokatuko da Gorlako kantina inguruan hasiko den ibilbidean, lau modalitateetan.

----------

Euskadiko Mushing txapelketa

Gorlako Mushing txapelketa, Euskadiko Txapelketa absolutua izango da. Lau modalitatetan banatuko da: lau txakurrek tiratutako gurdiak, bizikletak, patinak eta txakur krosa.

Azaroaren 15ean, zapatuan, arratsaldean lau proba jokatuko dituzte: federatuendako txakur-krosa, bi txakurrek tiratutako patinak, txakur batek tiratutako bizikleta eta lau txakurrek gidatutako gurdia. Guztiek, ibilbide laburra egingo dute: bost kilometrokoa. 

Domekan beste lau proba egongo dira: patinetakoa, bizikletakoa eta gurdiena errepikatu egingo dituzte. Ibilbide laburra egingo dute berriro. Aldaketa bakarra, txakur-kroseko proban egongo da: 7,8 kilometroko ibilbidea egingo dute federatuek eta amateurrek batera. Federatuak bost minutu lehenago irtengo dira. Azken proba horretan 90 bat korrikalari hartuko dute parte, tartean, Fernando Cobos eta Peru Azkarate bergararrak; bizikletan 12 batek eta gurdiekin sei batek. 

Ibilbide biak Gorlako kantinaren inguruetan egokituko dituzte eta sari banaketa ekitaldia ere han egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak