Osasuntsu iritsiko da Jardun 25. urteurrenera?
Bai; Jardun euskara elkartea osasuntsu dagoela uste dugu, epe luzean lanean segitzeko gogoz eta ilusioz. Eta, elkartea osasuntsu ikusteaz gainera, euskara osasuntsu ikustea da gure ametsa.
Zertan nabaritzen duzue urte hauetako lana?
Duela 25 urte esparru erdaldunak ziren batzuk euskalduntzeko gure ekarpena egin dugula
esan genezake. Esaterako, gaur egun herriko kultura arloko eta umeen aisialdirako eskaintza gehiena euskara hutsean egiten da. Bestalde, herritarrekin egin den sentiberatze lanari esker, egitasmo askotan emaitza onak lortzen ari garela uste dugu (Berriketan, Auzoko, Idazlaguna...).
Beti nabaritu duzue herritarren babesa?
Elkarte honek sorreratik jaso duen herritarren babesari esker egin du aurrera. Dena den, babes horretaz gain, herritarren inplikazioa eta parte-hartzea beharrezkoak direla uste dugu, eta horren bila gabiltza orain.
Zein erroka dituzue etorkizunari begira?
Hain zuzen ere, etorkizuneko erronkak zeintzuk izango diren gogoeta saio horietan erabaki nahiko genuke, herritar guztion artean. Betiere, euskararen gaur egungo beharrei hobeto erantzuteko helburuarekin.
Nola eta zein asmorekin sortu da gogoeta prozesu hau?
Euskararen beharrak azken urteetan aldatzen joan dira. Behar horiek identifikatzea garrantzitsua da ondorengo norabidea zein izango den erabakitzeko. Hau da, elkartearen printzipioak, antolakuntza eta eragiteko esparruak definitu eta etorkizuneko elkartearen oinarriak ezarri nahi ditugu.
Saio irekiak izango dira, ezta?
Noski, herritar guztiak izango dira ongietorriak saio hauetara. Ahalik eta jende gehien biltzea nahiko genuke.