Hamar urte. Ez da urtemuga makala. Zorionak!
Eskerrik asko! Bide polita bezain gogorra izan da.
Hamar urteko ibilbidea egin duzue. Orain arte lortutakoa zen hasieran markatutako helburua?
Olatz Rementeria memoriala egiten hasi ginenean, herritarrak kirola egitera animatzeko asmoz hasi ginen. Ez genuen datarik ipini, baina argi genuen zein zen gure filosofia: bailarako herritarrak kirola egitera animatzea eta kirola bultzatzea.
Urteetan aurrera egin dugu lan handiarekin eta egun ere ez diogu mugarik ipini gure buruari. Lanean jarraituko dugu.
Dena dela, hamar urteko bidea egiteaz bat, hamar urteko bilakaera izan duzuela esan daiteke.
Bai, noski. Lehenengo krosean 85 korrikalarik parte hartu zuten. Gu ere harritu egin ginen erantzunarekin. Handik aurrerako bilakaera itzela izan da. Urteren baten 500dik gora korrikalari egon izan dira irteera lekuan.
Akaso, nik esatea ez da aproposa, baina antolatzaileon lana azpimarratu nahiko nuke. Kalitate handiko proba bilakatu dugu Olatz Rementeria memoriala bezala sortutako proba. Soraluze-Bergara krosak ez dauka guk baino sona handiagoa duten beste lasterketa batzuei inbidiarik izan behar. Hori da arrakastarako gakoetako bat.
Antolaketa ona ezinbestekoa da orduan?
Bai. Korrikalariak mimatzea ezinbestekoa da arrakastara heltzeko. Lasterketa bukaeran ematen diegun poltsan opari ederrak egon izan dira. Gainera, ibilbidearen erdian ipintzen dugun anoa-postua asko baloratzen dute. Lehen aldiz korrika egiten dutenak horrekin geratzen dira. Gustura bukatzen badute, hurrengo urtean ez dute hutsik egiten.
Antolaketa bai, baina krosa berezia dela ezin izango didazu ukatu.
Bai. Korrika egiteko leku polita da. Ibilbidea ere ederra, eta, gainera, korrika denboraldia bete-betean hartzen duena. Gainera, hainbat modalitate sartu ditugu apurka-apurka eta horrek zabalkundea izan du.
Ibilbideak zenbaterainoko ematen zuen ikusita eta genituen baliabideak aintzat hartuta, laugarren krosean hainbat modalitate sartzea erabaki genuen. Patinatzaileekin hasi ginen. Gero, kirol egokituko federazioarekin elkarlanean, hand-bike eta gurpil-aulkiendako lasterketekin hasi ginen.
Aurten urteurren borobila beteko duzue. Egun osoko festa egingo duzue ospatzeko.
Azaroaren 2an egun osoko festa izango da. Egitarau zabala osatu dugu eta berrikuntzak ere egongo dira. Nabarmena da krosa goizean izango dela. Nagusien eta gazteen krosekin batera, aurtengo beste berrikuntza umeen krosa izango da. 5 eta 8 urte arteko umeek korrika egiteko aukera izango dute Bergarako kaleetan ipiniko dugun ibilbide baten. Ez da lasterketa izango, korrikaldia baizik.
Eta korrika egin ostean, zer egongo da Bergaran?
Eguerdi aldera pintxo dastatzea egongo da Giokelari esker eta arratsaldean Porrotx eta Irrien Lagunak klubeko kideek egingo dute ikuskizuna. Han batutako dirua Bergarako Aspaceko Dordoka taldearendako izango da. Kirol materiala erosteko erabiliko dute dirua. Baliabide eskasak dituzte, eta guk aletxo bat ipiniko dugu kirola egiteko materiala izan dezaten. Bergarako hainbat taldek parte hartu dute: buruhandiak, musika eskolak, Antxintxikanek, Dordokak... Oraindik ez dugu ordua zehaztu, baina 17:30 aldera izango da.
Bada, berrikuntza asko aurten, baina azpimarratu beharko dugu krosa telebistaz ikusi ahal izango dela, zuzenean.
Goienak emango du zuzenean. Lau orduko emisioa izango da, eta txikienen lasterketetatik hasi eta nagusien probara arteko guztia emango dugu. Sari banaketa ekitaldia ere telebistaz ikus ahal izango da. Telebistan edo Goiena.eus atarian. Guretzat erronka bat gehiago da, baina lantalde sendoa osatu dugu, eta, esfortzu handiagoa eskatu arren, ondo moldatu garela esango nuke.
Berrikuntza guztiak aintzat hartuta korrika egiteko nahia piztu zaion horri zer esango zenioke?
Ba, izena emateko epea zabalik dagoela. Kirolprobak.com atarian eman daiteke izena. Gehienez ere 500 korrikalari onartuko ditugu. Oraingoz, gure baliabideak zifra horretara heltzen dira. Atarian bertan dago krosaren gaineko informazio guztia.
Hasi dira korrikalariak inskripzioak egiten?
Aurten badirudi denboraz dabiltzala. Batzuek eman dute izena, baina oraindik badago lekua. Berez, korrikalari guztiak animatu gura nituzke.
Behobia-Donostiaren aurretik izanda, 500 dortsalak banatuko dituzue, seguru.
Horrek lagundu egiten du, duda barik. Korrikalari asko udako oporren ostean hasten da denboraldia prestatzen.
Hamar urte beteta, beste hamar urtean lan egiteko asmoz?
Indarra eta laguntza ekonomikoa baditugu, bai. Azken atal horretan eskertu egin gura dut Servimasak emandako babesa. Hori gabe ezingo genuke ezer egin.