Elosuan mendiko ganadu feria egingo da domekan

Imanol Gallego 2014ko urr. 10a, 09:52

Animaliek protagonismo handia izaten duten ferian.

09:00etan irekiko dute feria domekan, eta, ohi bezala, bertako eta inguruetako ganadua ikusteko aukera egongo da; baita elikagai eta bestelako postuak ere. Hori guztia auzoko plazan egongo da eta eguneko lehen orduetan, auzoaren muina den inguru hori izango da feriako protagonista. 

Plazako feriaz gain, duela pare bat urte martxan jarritako ekimenari jarraipena emanez, Napar sustarren kalejira egongo da, 12:00etan, Iriaun gaztelura. Eta, hara iritsi eta gero, ekitaldia egingo dute.

Auzoko plazara bueltatuz, Azpeitiko Kultura Mahaiak, Sahatsak, Itsasik eta Ikasberri ikastolako dantza eskolak antolatutako Dantza jauziak ikuskizuna aurkeztuko dute, eta, goizari amaiera emateko, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek girotuko dituzte bazkaltzera joan aurretik geratzen diren uneak.

Ekitaldi nagusiak arratsaldean

Bazkalostea bukatu bezain laster, eta urteroko ohiturari jarraituz, herri kirol erakustaldia egongo da, 17:30ean. 1.500 kiloko Bentoste harriarekin arituko dira Belarreta eta Kortatxo baserrietako idi eta itzainak. Saioa Juanjo Sagastibeltzak gidatuko du; ikuskizun polita eskainiko dute plazan animaliek zein jabeek.

Baina feria jai handia denez, ospakizuna ez da animalia eta postuetara mugatuko, eta arratsaldean musikak eta festak beteko dute auzoa. Goizeko lehen saioaren ostean, Laja II.a eta Lutxurdio bikoteak betiko doinuekin erromeria egingo du. Auzotarrek eta bisitariek gogotik disfrutatuko dute eskarmentu handiko bikoteak jotzen dituen pieza eta doinuekin.

Eguna bukatzeko, mahaiaren bueltan batuko dira auzotarrak: Ixaun jatetxean auzo-afaria egingo dute, eta ez da giro majorik eta alaitasunik falta izango.

Autobus zerbitzua

Jendea domekako feriara erosoago joan dadin eta, bide batez, autoen joan-etorria txikitzeko, autobus zerbitzu berezia egongo da; hain zuzen, autobusak Burdinatetik irtengo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak