Bergarako Udalbatzak atzo, astelehena, onartu zuen, aho batez (Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin), herrian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. 2017ra bitarteko plana da eta hainbat herritarren parte-hartzearekin diseinatu da. Hain zuzen ere, parte-hartzea, koordinazioa eta elkarlana izango dira planaren ardatz nagusiak.
Maren Belastegi Euskara zinegotziak azaldu zuenez, azkenaldian ikusi dute herrian hizkuntz paisaia aldatzen ari dela, gaztelaniarako joera dagoela, eta paisaia hori aldatzeko, euskara zerbitzutik baliabide teknikoak jarriko dituzte.
Atzo onartutako dokumentuak Bergaran euskarak duen egoeraren diagnosia jasotzen du hasieran eta, egoera hori indartzeko egitasmoak proposatzen ditu gero. Besteak beste, familian edota kirolean, euskara sustatzeko bideratuko diren egitasmoak zehazten dira planean. Eta merkataritzako hizkuntz paisaia aldatzeko, esaterako, indar berezia egingo dute Jardunekin batera, horretarako sortutako boluntario-sare baten bitartez.
Planeko egitasmo nagusienak
Honakoak dira planteatzen diren egitasmo nagusienetako batzuk:
• Familia. Ikastetxeekin lankidetzan gurasoak sentiberatzeko proiektua bideratu, familia bakoitzak hizkuntzaren transmisioan egin dezakeen ekarpena optimizatzeko.
• Irakaskuntza. Haur eta gazteetan ahozko berbeta indartzeko programa piloto bat abian jartzea, ikastetxeekin batera, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Foru Aldundiarekin
• Euskalduntze-alfabetatzea. Euskara ikasteko bideak erraztea eta praktikatzeko erraztasunak eskaintzea: Berriketan eta Auzoko programak...
• Eskolaz kanpoko jardueretan eta bereziki kirolean euskara indartzeko programei jarraipena ematea, Kirol Zerbitzuarekin batera: klubei ematen zaizkien laguntzetan euskarazko jarduna sarituaz, klubekin erabileraren gaineko konpromisoak adostuaz,
• Merkataritza. Denda, taberna eta abarretako kartel, menu eta abarrak euskalduntzeko proiektu berri bat bultzatu Jardunekin batera, horretarako berariaz sortutako boluntario-
• Udal barruko erabilera plana bideratzea. Udaleko prozesu guztietarako hizkuntza irizpideak zehaztea eta aplikatzea: zerbitzu kontratazioetarako, herritarrekiko harremanetarako, enpresa eta erakundekiko harremanetarako...
• Toponimia. Herriko izendegi ofiziala onartu eta erabilera bateratua finkatu inplikatutako erakundeen artean: Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Euskaltzaindia...
• Teknologia berriak. Teknologia berriak euskaraz erabiltzeko kanpainak bultzatzea.
• Hedabideak. Euskarazko hedabideen erabilera bultzatu eta bailarako hedabideekin
• Dirulaguntzak: Euskara elkarte, hedabide eta abarrentzako diru-laguntzak bideratzea.
Bestelako gai bat eskaera eta galderen tartean
Eskaera eta galderen tarteak hartu zuen osoko bilkurako beste zati handi bat; hain zuzen, EAJko bozeramaile Aintzane Oiarbidek planteatutako galdera batek, Diario Fatxoren izenean San Martin jaien bezperan plazako agertokian azaldu zen pankarta baten harira. "Udalaren azpiegituran azaldutako pankarta hori, irain pankarta izugarri hori, Udalak zergatik ez du kentzen hortik? Zergatik onartu behar dira horrelako elementuak jaietan, festa giroan, egon behar dugunean guztiok batera ondo pasatzen?", azaldu zuen Oiarbidek. Eta hauxe erantzun zion alkateak: "Pankarta hori bere osotasunean nik daukadan oroitzapena da Diario Fatxo azaltzen zela, eta guk adierazpen askatasunaren izenean, tartean ez badago aparteko mehatxurik behintzat, utzi egiten ditugu".
Baina erantzun horrekin ez zen konforme gelditu EAJko bozeramailea: "Ez digute erantzun. Nolabait sartu dute adierazpen askatasunaren barruan. Guk uste dugu hori ez dela adierazpen askatasuna. Eta gainera ez bakarrik ez dela adierazpen askatasuna, irain bat da. Iruditzen zaigu guztiz lekuz kanpo daudela horrelako elementuak jai giro batean". Eta Oiarbidek Udal Gobernuari eskatu zion hemendik aurrera ez ditzala onartu horrelako pankartak, eta azaltzen badira, ken ditzala.
Udaleko bozeramale jeltzalearen irudia erabilita herrian barrena azaldu diren kartelen gainean, berriz, Udal Gobernuak elkartasuna adierazi zion Aintzane Oiarbideri. Alkateak argi utzi nahi izan zuen baita ere, eurek ez dutela zerikusirik kalean Diario Fatxoren izenean azaldu ziren kartelekin.