San Pedroko Stoltz-Frères organoa babesteko elkartea sortu dute

Monika Belastegi 2014ko ira. 26a, 08:37

Bergarako Stoltz-Frères Organoaren Lagunen Elkartea sortu berri da. Aurretik zenbait hilabetez lanean ibili eta gero, uztailean eratu zen ofizialki eta eguazten iluntzean egin zuten lehen agerraldi publikoa.

 

Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta musika eta herriko ondarea maite duten esparru askotako zenbait herritarrek osatzen dute. Dena den, talde irekia da eta ateak zabalik dituzte parte hartu nahi duten guztiendako.

San Pedro parrokiako organoaren egoera kezkagarriak eraginda sortu da elkartea. "Denbora tarte motzean ez badira neurriak hartzen eta konponketak egiten, ez du atzera bueltarik izango eta herriak duen ondare artistiko berezi eta baliotsuenetako bat betiko galduko da", esan zuen aurkezpenean Aitor Olea organo-jotzaileak.

Egoera hori izanda, helburu garbia du elkarteak: San Pedroko Stoltz-Freres organoa maila guztietan babestea, sustatzea eta zabaltzea. Eta helburuok betetzeko, beharrezko diren jarduerak eramango dituzte aurrera, hala nola konponketetarako behar diren laguntzak eskuratzea eta bideratzea; ezagutzera emateko beharrezko diren ekitaldiak antolatzea; arte eta musika aldetik ondare denez, daukan balioa aitortzeko eta ezagutarazteko ekitaldiak antolatzea; eta, oro har, organo horren sustapenerako eta bultzadarako beharrezkoak diren ekitaldi eta jarduerak aurrera eramatea.

Urgentziazko konponketa

Organoaren egoera benetan da delikatua, eta eraberritzeko aurrekontua oso handia: 450.000 euro, hain zuzen ere. Horregatik, urgentziazko konponketetatik abiatuko du elkarteak konponketa-prozesua: "Michel Jurin zaharberritzaileak egindako proiektuaren arabera, lehenengo egin beharrekoa honako hau da: organoaren desmuntatze osoa, elementu guztien garbiketa, konponketa mekanikoak, haize zirkuituaren ihesen zigilatzea eta berriz muntatzea. Eta horren aurrekontua 105.697 euro da", azaldu zuen Oleak.

Hala, kopuru hori lortzeko buru-belarri ari da lanean organoaren aldeko elkartea. Lan handia dute aurretik, baina dagoeneko zenbait kontzertu antolatu dituzte, herriko musika taldeen laguntzarekin.

Abenduan hasi eta datorren urteko urrira bitartean kontzertuak eskainiko dituzte herriko hainbat musika taldek eta bakarlarik organoaren alde. 5 euro kobratuko dira kontzertuok eta batutakoa organoa konpontzera bideratuko da.  

Hauek dira organoaren alde emanaldia egingo dutenak: Aitor Olea (abendua); Bergarako Orfeoia (martxoa); Bergarako Koru parrokiala (martxoa); Marije Ugalde (apirila); Alai Taldea (apirila); Aritzeta Abesbatza (maiatza); Bergarako Orkestra Sinfonikoa (ekaina); eta Bergarako Udal Banda (urria).
Elkarteak berak antolatuko eta bultzatuko dituen ekimen eta ekitaldiez gain, kontu korrontea –beheko taulan– ere ireki dute eta diru ekarpen guztiak ongietorriak izango direla adierazi zuten elkartetik.

"Ondare aparta"

Balio handiko organoa da San Pedroko Sotltz-Freires organoa, instrumentu aparta eta ondare baliotsua. Aurten 125 urte bete dira inauguratu zutela. 1889. urteko martxoaren 18an inauguratu zuten, eta ordutik gaurdaino dotoreziaz bete du bere eginkizuna.

Berezitasun ugari ditu. Gaur egun, mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Freres etxeko organorik handiena da. Eta etxe bereko beste organo batzuk ez bezala, jatorrizko baldintzetatik gertuen mantentzen denez gero, Stoltz-Freres etxearen lekuko paregabea da. Aipatzekoa da, era berean, instrumentu mota hori ohikoa baino tonu erdi baxuago afinatuta dagoela. Eskuzko hiru teklatu ditu, 56 notakoak, eta 30 notako hankazko beste teklatu bat; guztira, 36 erregistro ditu, eta 2.242 hodi.

Elkarteak kontu korrontea ireki du Kutxabanken. Organoaren aldeko ekarpena egin nahi dutenek behean dute zenbakia.

Elkarteko kide eta diru-laguntzak

  • Kutxabank: ES43 2095 5070 7014 1424 148

Elkarteak erabat zabalik ditu ateak kide berriak hartzeko. Interesa dutenek behean dagoen helbidera bidal dezakete mezua.

  • bergaraorganoa@gmail.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak