Kudeaketa ez ezik, liburutegiaren eskaintza bere era aldatu egin da. Liburuak soilik izatetik pelikulak, musika… izatera ere pasa zarete.
Orain, zerbitzu osoagoa ematen dugu. Duela hamar urte udal liburutegien sarearen barruan gaude, eta horrek zerbitzua izugarri hobetu du. Liburutegi bakoitzak ezin du argitaratzen den guztia izan, baina guztien artean eskaintza zabalagoa ematen dugu.
Zeren arabera erosten dituzu liburu batzuk edo besteak?
Euskaraz argitaratzen denetik dezente edo ia guztia izaten saiatzen gara. Horrez gain, kalean edo dendetan, ikusmira sortu duten liburuak erosten saiatzen naiz, askotariko generoak… Herritar guztion liburutegia denez, denetik izan beharra dugu.
Herritar asko gomendio bila joango zaizkizu.
Asko; jende horri lana errazteko, nobedade aipagarrienak batzen ditugun apal bat daukagu. Dena den, zuzenean gomendio bila etortzen direnak ere badaude. Pertsonaren zaletasunak ezagutu ostean, liburu batzuk proposatzen dizkiot. Horrez, gain, genero jakin bat soilik irakurtzen duen bati, beste mota bateko liburuekin tentatzen saiatzen naiz.
Pertsona bakoitzak bere liburua dauka?
Ez. Pertsonak eta momentuak daude. Pertsona bat une jakin batean liburu arin baten bila etor daiteke, eta handik gutxira sakonago bat. Pertsona ez ezik, unea ere oso garrantzitsua da.
Urtaroaren arabera gehiago edo gutxiago irakurtzen da?
Egia da udan, opor garaian, urtean zehar gehiegi irakurtzen ez dutenek gehiago irakurtzen dutela, baina, orokorrean, urte osoan erabiltzaile kopurua mantendu egiten da.
Zein da adin zailena?
14 eta 18 urte arteko gazteak. Behin ikastetxean irakurri beharreko enkarguak amaitzen direnetik bizitzan hartu nahi duten norabidea erabat erabaki arte, ez dira gehiegi etortzen gurera.
Hala ere, ziur nago jende asko erakarri duten best seller ugari ezagutu dituzula?
Bai. Baina liburu hauek ere ez dira guztiontzako aproposak. Ahoz ahokoak jendea erakartzen du, baina irakurlea beste mota bateko liburu batzuk irakurtzera ohituta badago, ez da gustuko irakurketa bat izango. Best seller bat izan arren, ezin da arrakastatsua izan mota guztietako erabiltzaileentzat.
Gogoan duzu best seller horietako bat?
Toti Martinez de Lezearen hasierako liburuek arrakasta izugarria izan zuten, eta ale bat baino gehiago erosi arren ez ginen erabiltzaileen beharretara iristen, eta beti zegoen itxaron zerrenda.
Erabiltzaileak erakartzeko, gainera, askotariko ekintzak egiten dituzue liburutegian.
Haur liburutegian txikiei zuzendutako saioak egin ditugu; nagusien kasuan, berriz, osoko bilkuren aretoan burutu ditugu. Biak hilabetean behin izan ziren, eta arrakasta izugarria izan zuten. Irakurketa Klubaren bilakaerarekin ere oso pozik nago. Gaztelaniazko taldean 22 lagun batu gara eta euskarazkoan, hamalau. Jendea oso gustura etorri da, eta ekintza aberasgarria dela iruditzen zait. Hasi berri dugun ikasturtean segitzeko asmoa dugu.
Liburutegira ekarri dituzun azken argitalpenetatik, zeintzuk dira deigarrienak?
Liburu ugari erosi ditugu azkenaldian, baina zenbait izenburuk atentzioa eman didate. Agnes Martinen La gente feliz lee y toma café liburu kuriosoa iruditu zait. Eta, adibidez, El sanador de caballos asko gustatu zitzaidanez, idazle berak kaleratu berri duen Pacto de lealtad eleberria irakurtzeko gogoz nago.