Gipuzkoan, motorraren zaleen klub zaharreneko eta, seguru asko, bazkide gehien ditueneko kideak dira: Gipuzkoako Erreal Moto Elkartea (Real Moto Club), 1915ean sortutakoa. Klub horretako bazkide dira motorra, bere barietate guztietan, maite duten hainbat gipuzkoar. Debagoiendarrak ere badaude tartean, nahiz eta kopuru zehatza klubekoek ere ez dakiten, baina bailarako jende dezente dagoela esan digute.
Bergaratik buelta egiten duten zale horiek RMCko Sekzio Klasikokoak dira, hau da, antzinako motorrak, klasikoak benetan dituztenak. Eta horietatik klasikoena, zaharrena, bergarar batena da: Agustin Lazpiurrena, hain zuzen ere. 1928ko BSA Sloperrarekin joaten da irteera horretara, eta taldeko motor zaharrena da. Baina bergarar horrek badu oraindik motor zaharragorik: 1906ko bat, Belgikan egindakoa eta oraindik primeran dabilena. Eta ez hori bakarrik: denetara, 30 motor ditu, 1906tik hasi eta 80ko hamarkada arte, ia hamarkada guztietako bat gutxienez. Hauxe dio hark: "Denak konpondu ditut neuk, eta denak dabiltza". Urtero, urtarrilaren 1ean, banan-banan isiotu eta tailer inguruan buelta bat ematen du Agustinek motor bakoitzarekin, bat ere ez hondatzeko.
Txatarrerako utzita
Zaletasuna betidanik du Agustin Lazpiurrek; motorrak eta automobilak, biak gustatzen zaizkio: "Aitak Bergarako taxilariari Opel autoa erosi zion, baina ordurako nik konponduta neukan nire lehenengo motorra", kontatzen du. Orduz geroztik, erosi dituen motor guztiak berak konpondu ditu. Kasu batzuetan, konponketa handiak egin dizkie: "Bati karburadore berria ipini nion; beste bat, Triumph Trident bat, txatarrerako utzita zegoen, eta hori ere konpondu nuen. Triumph Daytona bat Bartzelonan erosi nuen; bi kaxatan sartuta zegoen, goitik behera desmuntatuta". Esan beharrik ez dago gaur egun primeran muntatuta eta edozein unetan arrankatzeko gertu dagoela.
Konponketak eta hobetze-lanak ez dira sekula bukatzen: 50eko hamarkadako Whizzer motor amerikarrari pieza berriak egin dizkio orain dela gutxi.
Tailerrean bertan berak egiten ditu motor bakoitzak behar dituen piezak. Izan ere, "80ko hamarkadako motorrendako, Ingalaterran badaude ordezko piezak, baina zaharragoendako, ez; neuk egin behar izaten ditut".
Altuna garajekoek opari
Motor guztiei die maitasuna, eta bakoitza non eta nori erosi dion ondo gogoan dauka Agustinek: "Ossa Mick Andrews bat Irungo baserri baten zegoen eta dena konpondu eta martxan ipini nuen. Horrekin Bilbon, Gasteizen, Donostian… ere ibilita nago. Aretxabaletan moto-krosean ere ibilitakoa da motor hori", kontatzen du. Beste bat enpresan, Lazpiurren "errekaduak egiteko" erabiltzen zuten eta, hondatu zenean, "bazter baten" botata utzi zuten, Agustinek hartu eta berritu zuen arte.
Motor batzuk lagunei erositakoak ditu. Donostian, Bartzelonan, Bergaran bertan… erositakoak dira. Bateren bat opari hartutakoa ere bai; hori da NSU eder baten kasua: "Altuna garajean ibili nintzen lanean; negozioa itxi zutenean, motorra oparitu zidaten".
Motorrez gain, automobil klasiko ezin ederragoak ditu bergarar horrek; tartean, 1930eko Packard bat eta Lasagabaster ehungintza-enpresarena zen beste bat. Hiru urte eta erdi eman zituen hori konpontzeko.
300 bazkide Gipuzkoan
Gipuzkoako Erreal Moto Elkartean 25 urtetik gora daroa bazkide izaten Agustinek eta ahal duen irteera guztietan joaten da. Badaude bi joera: batzuek moto berriagoak eta azkarragoak dituzte eta agudo joatea gustatzen zaie; beste batzuek, Agustinek kasu, "polikiago joan eta gehiago disfrutatu" nahi izaten dute eta filosofia hori "zabaltzen saiatzen" dabiltza klubean ere.
Klubak, bestalde, mendeurrena ospatuko du datorren urtean. Bi atal handi ditu: Klasikoa eta Turismoa (errepideko eta mendiko motoak), eta txapelketetan–motokros, enduro, trial…– ibiltzen diren pilotu asko ere bazkide dira. Mari Jose Lekunberri ordezkariak dioskunez, 300 bazkide inguru dituzte, probintzia osokoak.
----------
1906ko harribitxia FN etxe belgikarreko motor horrek lau zilindro ditu. 1904an hasi ziren egiten modelo hori, eta oso fidagarritzat zuten. Arrakasta komertzial handia izan zuen.
----------
Guzzi Hispania Espainian egindako motorra, Italiatik ekarritako diseinuarekin. Motorhispania etxea hasi zen horiek egiten 1948an.
----------
Lambretta Patinete Eibarren Lambretta modelo asko egin zituzten, eta lehenengo egin zuten modeloko ale bat da berak daukana. 1954an hasi ziren Patinetea egiten.
----------
Whizzer AEBetako Whizzer motorra Bergarako Igartua zapatariari erosi zion Agustin Lazpiurrek. Modelo hori 1939an hasi ziren egiten. Pieza berriak egin dizkio Agustinek.
----------
Nimbus Danimarkan Fisker and Nielsen etxeak egindako Nimbus motor horrek lau zilindro ditu. 20ko hamarkadakoa da. Danimarkako motor ezagunena zen Nimbusa.
----------
BSA 500 Ingalaterrako BSA etxeko hiru motor ditu Agustinek, eta irudikoa da berriena, 1930ekoa. Irteeretara, 1928koa (500 cc) eta, batzuetan, 1924koa (250 cc) eroaten ditu.