Ezkurrak beharrean, kantakizun eta kontakizunak ematen dituen haritza Errotalde parkean

Jagoba Domingo 2014ko ira. 10a, 08:00

Ibai Esoain 'Bertsolharitza' ikuskizunean.

Bertsolharitza izenpean, Ibai Esoain bertsolariak kontakizun eta kantakizunak ekarriko ditu Bergarara eta neska-mutikoak bertso eta ipuinen unibertsoan murgilduko ditu oriotarrak. 5 eta 11 urte bitarteko gazteei zuzendutako ipuin kontaketa egingo da gaur, egubakoitza, Errotalde parkean, kultur etxe kanpoko parkean, 18:30ean.

Esoainek argitu duenez, ikuskizuna haritz baten inguruan mamitzen da; haritzaren fruituak ezkurrak izan beharrean hitzak dira eta horiek oinarri bezala hartuta kontakizunak sortuko ditu Esoainek. Neska-mutikoek haritzak emandako hitzen artean gogokoenak aukeratuko dituzte eta ostean, ipuin kontaketak forma hartzen joango da.

Ipuinen artean baina, bertsoak tartekatuko ditu Esoainek, izan ere, Bertsolharitza ikuskizuna neska-mutikoei bertsoen mundua modu jostagarri batean helarazteko eta gaztetatik bertan murgiltzeko asmoz sortu zen.

Errotalde parkeko haritz berria

Hiru urte inguru daramatza Esoain haritzaren inguruan bertsoak eta kontakizunen magia Euskal Herriko neska-mutikoei helarazten, eta egubakoitzekoa izango da Debagoienean egingo duen lehenengo saioa. Bertsolariaren arabera, saioak leku itxietan hobeto funtzionatu ohi du, hala ere, Errotaldeko parkekoa ere ondo joango delako ziurtasuna du; parkean hitzen haritza etxean bezala sentituko delako.

Ipuin kontaketa izango da ikuskizunaren muina Esoainek argitu bezala, hala ere, kontakizunak kantu eta bertsoekin alaituko ditu neska-mutikoen parte-hartzea bultzatuz.

-----------------

Ibai Esoain

Bertsolari oriotarrak hiru urte daramatza Bertsolharitza ikuskizunarekin.

Nola sortu zen 'Bertsolharitza'?

Printzipioz, bertsolaritza neska-mutikoei bide jostagarri batetik hurbiltzeko bide bezala sortu genuen Bertsolharitza. Ikusten genuen bertsolaritza hainbat arte motekin bat-egin zela; tartean musikarekin edo arte eszenikoekin esaterako, Beraz, gazteentzat bideratutako zerbait egitea bururatu zitzaigun eta ipuin kontaketa antzeko hau sortu zen, ipuinetan txertatzen ditut bertsoak.

Umeek aukeratzen dute istorioa?

Umeen parte hartzea bultzatzen da; haritzak hitzak ematen ditu eta hitz horietatik gogokoenak aukeratzen dituzte neska-mutikoek. Horien arabera egiten dut gero kontakizuna, gaztetxoek aukeratutako hitzak dira istorioaren abiapuntua.

Beraz, inprobisaziotik badu?

Egia esan nahiko lotuta joan ohi da saioa, hala ere, beti dago zer aldatu. Umeen parte hartzearen arabera ere  saioak ezberdinak dira. Normalean toki itxietan hobeto funtzionatzen du, baina Errotalde parkean ere ondo pasatuko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak