Eztabaida horretan ibili dira atzoko bilkuran, besteak beste, udal gobernuak eskatutako kreditu aldaketari dagokion puntuan. Hain justu, Aintzane Oiarbidek, EAJren izenean, aurrekontua ondo aurreikusi ez izana egotzi dio Udal gobernuari.
Horri erantzunez, Jaione Isazelaia alkateak adierazi du akordio batzuk lortzeko dauden zailtasunek eragin dituztela horrenbeste kreditu aldaketa. Eta adibide moduan San Antonioko etxeen erosketa eta Errege Seminarioko eliza jarri ditu.
Bi alderdion arteko eztabaida eragin duen beste puntuetako bat Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hitzarmena izan da, hain justu, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko adostutakoa. Izan ere, jeltzaleen ustez Diputazioari dagozkion proposamen guztiak Udal gobernuak “amen-jesus” eginez onartu egiten ditu. Udal gobernuaren esanetan, berriz, hitzarmen hori sinatu ezean, ez litzateke dirurik iritsiko Diputaziotik.
Hutsik dauden etxebizitzen ordenantza
Eztabaida eragin zuen beste puntu bat izan zen Bergaran hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko laguntzen programak. Aurreko osokoan onartutako ordenantzan zuzenketa bat egin behar izanak eraman du atzera ere gai bera udalbatzarrera. Eta oro har, aurreko osoko bilkurako eztabaida antzerakoa izan dute gobernuko kideek eta jeltzaleen ordezkariek oraingo honetan ere.
Ez da gehiago alokatuko
Laburbilduz, jeltzaleak ez daude Bergarako Udalak onartutako ordenantza horren alde, euren esanetan, batetik herritarrei IBIan ezarri gura dieten errekarguaren helburu bakarra delako dirua biltzea; bestetik, Eusko Jaurlaritzak baduelako antzerako aukerak ematen dituen programa eta hiru urtean ez duelako halakorik aplikatu Bergarako Udal gobernuak; hirugarrenik, ez dutelako uste ordenantza horren bitartez etxebizitza gehiago alokatuko direnik; eta azkenik, zeregin horretara bideratutako diru-poltsa agortu ahala, azken eskaerak egiten dituzten herritarrak laguntza barik geratuko direlako.
Emaitza onak emango ditu
EH Bilduren gobernuak emandako erantzunaren arabera, berriz, IBIaren errekarguan batutako dirua baliatuta, alokairuan jarriko diren etxebizitza horietako batzuk berritzeko dirulaguntzak bideratuko dira; Bergarako Udalak onartutako etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko udal ordenantza Eusko Jaurlaritzako teknikarien onespenarekin eta laguntzarekin egindakoa da, “asko kostata”, gainera, eta Jaurlaritzaren eskaintza osatu guran, alkatearen esanetan. Bestalde, Udal gobernua konbentzituta dago emaitza onak emango dituela ordenantza horrek. Eta diru poltsari dagokionez, berriz, aditzera eman du 2014rako onartutakoaz gainera, 2015erako beste diru poltsa bat onartuko dutela.
Gazako bortizkeria
Eta osoko bilkuraren errepasoarekin bukatzeko, eta eztabaidak eztabaida, hainbat puntutan adostasuna erdietsi zuten udalbatzarreko alderdiek; horietako bat izan zen “Gazako bortizkeriaren eskalatzea urgentziaz gelditzeko” eskaera bideratzea onartu dutela, mozio bitartez.
Mozio berean onartu zuten, baita ere, gatazka horren konponbidea, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenetan oinarritutako elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez etorri beharko dela, eta orokorrean, giza eskubideen errespetu osoa eskatu dute, “kasu guztietan”.
Ur botilak barik, pitxarrak
Bitxikeria moduan, eta alkateak hala eskatuta, aurrerantzean Bergarako osoko bilkuretan ez da ur botilarik ikusiko; horien ordez, Isazelaiak proposatu zuen ur-pitxarrak erabiltzea. Eta hala, irailera arte agurtu dituzte osokoak Bergarako Udalean.