Izan ere, oposizioko alderdi nagusiak, EAJk ere bat egin zuen Fracking Ez taldearen mozioarekin; beti ere, mozioari eurek eskatutako aldaketa batzuk egin ostean. Kontuak kontu, ura eta lurra kutsatzen duten edozein lanketaren kontra daudela adierazi dute jeltzaleek Aintzane Oiarbide bozeramailearen bitartez. Eta Jaione Isazelaia alkatea bera pozik azaldu da udalbatzarraren erabakiarekin.
Eskualdea goitik behera
Debagoieneko Fracking Ez Taldeak mozioaren bitartez gogora ekartzen du zela gure lurraldea "lehentasunezko eremu" bilakatu den gasa metodo berrien bidez bilatu gura duten petrolio-konpainientzat. Eta adibide moduan jartzen dute gasa fracking teknika erabilita bilatzeko Sustraia izeneko baimenak "goitik behera zeharkatzen" duela gure eskualdea.
Osasun eta kutsadura arazoak
Azpimarratu dute orain arte teknika hori erabili diren zonaldeetan zenbait arazo sortu direla: "edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, lurraren okupazio altua eta horren hondatzea edo putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak".
Adibide moduan jartzen dute, baita ere, Frantzian fracking-ak eragiten duen haustura hidraulikoa legez debekatu egin dutela. Eta oro har, eta lehen esandako moduan, hori berori egiteko eskatu diote Bergarako udalbatzarrari, Bergara Fracking gabeko udalerri izendatuta, besteak beste.