Arrizuriaga parkeko "utzikeria" salatu du EAJk, "gobernu taldeak lorategi pribatu baten mantenua egiten duen bitartean"

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko uzt. 16a, 17:01

"Arrizuriaga parkeko arazoei aurre egiteko eta bere mantenuaren ardura hartzeko" eskatu diote gobernu taldeari. Bidalitako oharrean diotenez, 2011n, "udal hauteskunde kanpainaren baitan" ireki zutenean, "parkea ez zegoen egoera onean", EAJren esanetan, ez zirelako "erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko oinarrizko moldaketak ere egin". Horrekin batera salatu dute "aitzakia bidez justifikatu nahi" izan dutela "Olaso fundazioarekin sinatu berri den hitzarmena".

Bergarako EAJko udal taldeak Bilduko gobernuari eskatu dio "Arrizuriaga parkeko arazoei aurre egiteko eta bere mantenuaren ardura hartzeko, Olaso Fundazioko lorategien mantenua egin aurretik". Bidalitako oharrean diote "legealdi hasieran Arrizuriaga parkea eraberritzeko ekimena" erregistratu zutela udaletxean, "bergarar guztiek parkeaz gozatzeko aukera izan zezaten eta segurua izan zedin". Eta jarraitzen dute: "Arrizuriaga 2011. urteko abuztuan ireki zen publikora, udal hauteskunde kanpainaren baitan. Parkea ez zegoen egoera onean ireki zutenean, ez baitziren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko oinarrizko moldaketak ere egin". Eta gehitzen dute: "Salaketaren ostean, Udal Gobernuak zenbait aldaketa egin eta hainbat kartel jarri zituen jarduera batzuk eta animaliei sarrera debekatuz". Horrekin batera diote "parkeko zuhaitzen egoeraren inguruko diagnosia" egin behar izan zela, eta "haietako asko egoera txarrean" zeudela eta "arriskutsuak" zirela, "hori guztia parkea erabiltzaileei ireki ostean".

"Eraberritze integrala behar du"

Hala eta guztiz ere, parkean egindako hobekuntzak nahikoak ez direla uste du, ez dituztelako "parkearen oinarrizko baldintzak eta segurtasuna bermatzen". Hori horrela, "parkeak eraberritze integrala" behar duela uste dute EAJko zinegotziek, "arriskutsuak izan daitezkeen egoerak ekidin eta bergararrek parkeaz bere osotasunean goza dezaten".

Eta gehitu dute: "Haatik, Bilduk udal baliabideak Arrizuriaga parkean inbertitu baino, nahiago izan du Olaso lorategira bideratu hitzarmen bat sinatuz". Horren harira, udal talde jeltzaleak uste du "alkate andreak Olaso dorreko arduradunekin batera eskainitako eta zabaldutako erreportajeak paripe hutsak" direla eta helburu dutela "pribatua den fundazio bati mesede egitea bergarar eta turisten eskura egongo den lorategia izango dela aitzakiatzat hartuta". Eta horren harira galdetzen dute: "Ba al du zentzurik turistentzat izango dela esan eta iraila arte ez irekitzeak?".

"Hitzarmeneko 2. Klausula ez da betetzen"

Jeltzaleek, bestalde, gaineratu dute "hitzarmeneko 2. Klausula ez" dela betetzen: "Hitzarmenak dio lorategiko lanak ez direla hitzarmena sinatu arte egingo, eta maiatzean dagoeneko eginak zeuden hitzarmena sinatu aurretik".

Horrekin batera, uste dute "lorategia herritarrei zabaltzea lorpen gisa" saldu nahi duela Bilduk, baina jeltzaleek adierazi dute hori ez dela horrela: "Telesforo de Monzonen testamentuak dio Olaso ondarea bergarar guztien gozamenerako dela. Zergatik izan du Olaso Fundazioak eta fundazioko zuzendari den Jose Luis Elkorok ondare hau herritarrei itxia?". Eta gehitu dute: "Ez da beharrezkoa hitzarmenik udaletxeak lorategia herritarrei zabaltzeko, borondate kontua da", adierazi dute.

Gobernu taldeari eskaria

Hori horrela, EAJko udal taldeak gobernu taldeari honako hau eskatu dio: "Udal parkeen zaintza egiteko eta Olaso Fundazioko lorategiei emandako trataera berdina emateko gainerako udal lorategiei. Halaber, edonola eta kasu honetan erakunde pribatu baten mesederako hartutako erabakia hitzarmen modura ez saltzeko, eta aurretik behar bezala informatzeko, ezer sinatu aurretik, ezin dituelako udal langileak Olasora lanera bidali eta udaletxeko baliabideak nahierara erabili".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak