Dragon fligth duela bost urte kaleratu ostean, zer aldatu da?
Bost urte horiek nahiko gogorrak izan dira. Kantu berriak prestatuta geneuzkan, baina taldekide batzuekin arazoak izan genituen. Lord Witch-ekiko konpromiso falta zutela sentitzen genuen eta taldetik alde egin zuten. Ordutik hona, hainbat musikari probatu ditugu, eta batzuk taldean sartu ziren arren, denbora batera gauza bera gertatu zitzaigun. Beraz, oraingo formazioa lortu artean denbora nahikotxo pasatu da, baina bide luzeak merezi izan du. Taldekide berriak Lord Aitor eta Lord Oskar dira, lehena teklatuan eta bigarrena abeslari. Bi urte inguru daramatzate Lord Witchen eta denbora hori guztiori diskoa prestatzeari eskaini diogu. Esan bezala, hainbat kantu eginda genituen, baina moldatu egin behar izan ditugu. Izan ere, disko berrirako kantuak bi gitarristarentzat konposatuta zeuden, baina, estudioan geundela, gitarristak hainbatetan kale egin zigun eta azkenean ni [Lord Uge] bakarrik geratu naiz gitarrista. Horrek lan handia eman dit, beste gitarraren pasarteak ikasi behar izan nituelako eta hainbat moldaketa egin nituelako. Horrez gain, Oskarren abesteko modura moldatu genituen kantu batzuk eta teklatuak ere protagonismo handia hartu du; nolabait, base erritmikoan txertatu da. Oskarrena kuriosoa izan zen, aspalditik lagunak gara eta urteak daramatza abesten eta gitarra jotzen, egun batean nire etxean agertu zen eta ordutik hona Lord Oskar bihurtu da. Beraz, El elixir de la vida diskoan, formazio berriarekin egindako kantuak eta aurretik konposaturiko abestiak daude.
Beraz, bide luzea izan da.
Bai; casting antzeko batzuk egin genituen, batez ere gitarristekin, eta, egia esan, ez genuen pertsona aproposarekin topo egin; gitarristak oso alferrak direla ohartu naiz. Hori ikusita, eta zuzeneko batzuetan gitarrista bakarrarekin taldeak funtzionatzen zuela ikusita, ardura nire gain hartzea erabaki nuen. Hori bai, diskoa egiterakoan oso garrantzitsua izan da zuzenean defenda dezakegun hori grabatzea; sorpresa asko izan ditut talde baten diskoa entzun eta zuzenean ikusi ostean dagoen aldearekin.
Nola joan da grabazioa?
Grabazioa etxeko estudioan egin dugu eta nahasketak eta masterizazioa Aretxabaletako Auryn Studioan egin ditugu Tristan Iñiguez teknikariarekin. Kontua da grabazio prozesua luze joan del; gutxi gorabehera, urtebete eman dugu lanean. Nork bere lana du, horrek dakarren ordutegi kaosarekin; eta, horrez gain, Lord Aitor teklatu-jotzaileak sei hilabete eman zituen atzerrian. Joan zenerako bere zatiak grabatuta utzi zituen, baina, diskoa nahasten hasi ginenean, teknikariak berriz ere grabatzeko gomendatu zigun, emaitza hobea lortzea posible zelako; beraz, urte erdiz itxaroten egon ginen. Hala ere, itxaronaldiak merezi izan duela uste dugu; pozik gaude egin dugun diskoarekin.
Banaketa nazioarte mailan egingo duzue.
Metal On Metal banatzaileari esker, besteak beste, Japonia, Alemania eta baliteke Mexikora ere gure diskoak heltzea. Concierto para ell@s irratsaioko Txema Sanchezi esker ezagutu genuen Paco Mate. Disko batzuk bidali genizkion, eta, itxura denez, gustatu egin zitzaizkion. Egia esan, aukera paregabea da; horrez gain, guk ere saltzen ditugu. Orain arte estatu mailan disko nahikotxo eskatu dizkigute eta Bergarako eta Arrasateko tabernetan ere salgai daude.
Eta aurkezpena noizko?
Kontua da lan egutegiak direla-eta hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan ditugula. Besteak beste, Pontevedrara, Asturiasera eta Bartzelonara joateko eskaintzak genituen, baina... lana lana da. El elixir de la vida etxean aurkezteko gogoa daukagu; hasiera baten, irailean egingo dugu, Laino skate parkean, eta, hortik aurrera, estatuan aurkezteko asmoa daukagu, baina pausoz pauso joan behar dugu.